GIZARTEA

Iruñeko komisarian hildako gizonarentzat "justizia" eskatu dute

"Pertsonaren segurtasuna ziurtatzen duten protokolo egiaztagarri eta bermagarriak" ezartzeko eskatu du SOS Arrazakeriak.

Gazteluko plazatik Nafarroako Legebitzarrerako bidea egin du martxak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 29a
21:00
Entzun

Iruñeko Gazteluko plazatik abiatuta, manifestazioa egin dute Nafarroako hiriburuan, Elhadji Ndiaye asteartean Espainiako Poliziaren komisarian hildako gizonaren heriotza salatzeko. Black Lives Matter. Bizitza da handiena lelopean, Sarasate pasealekutik igaro eta Nafarroako Legebiltzarraren aurrean amaitu da martxa.

Bukaeran, "justizia" eskatu dute Ndiayerentzat: "Polizia abusuez nekatuta gaude". Elkartutakoei hitza eman diete, eta horietako batek adierazi du "arazo bat" dagoela Poliziarekin: "Badakigu zer dugun, beltzak gara, egunero gelditzen gaituzte paper eske". Azaldu du Ndiayek "amari laguntzeko lan" egiten zuela: "Bidegabea da".

SOS Arrazakeriako ordezkari Natalia Milok eskatu du "berehala" argitu dadila gertatutakoa: "Pertsona horren atxiloketaren arrazoiak ezagutu nahi ditugu". Uste du "motibazio arrazista" dagoela atxiloketaren atzean, eta nabarmendu "bertsio kontrajarriak" eman dituela Poliziak. Horrez gain, bestelako polizia eredu bat eskatu du: "Horrelako basakeria bat gertatzen denean, informazio guztia eduki ahal izatea nahi dugu".

Hasieran Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zain zegoela konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta ez zuten indarkeria zantzurik topatu. Hala ere, Naiz.eus atariak argitaratutako informazioak zalantzan jarri du Poliziaren bertsioa. Izan ere, hainbat lekukok adierazi dute poliziek konorterik gabe utzi zutela Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zutela atxilo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.