Bi astean bi sexu eraso izan dira Iruñeko Donibane auzoan. Igandean izan zen bigarrena, San Roke kalean, 02:45 aldera. Hiru dira ustezko erasotzaileak: lehen biak espetxeratu ditu guardiako epaileak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, eta hirugarrenaren bila ari da Polizia. Atxilotuek 26 eta 21 urte dituzte, eta biktimak, berriz, 20. Donibaneko herritarrek gertatutakoa salatu zuten atzo arratsaldean egindako agerraldian. Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkari zenbait ere joan ziren.
Irantzu Oiz herritarrak auzoaren izenean erantzun «irmo» bat emateko «beharraz» ohartarazi du: «Nazkatuta gaude! Ez da posible emakume izateagatik alde guztietara begiratu behar izatea ezer gerta ez dakigun». Sexu erasorik gabeko auzo bat nahi dutela aldarrikatu dute berriz ere.
Inder Bhatti herritarrak adierazi du «biktima roletik harago autodefentsa feminista» behar dela: «Maiz gertatzen ari dira sexu erasoak auzoan, eta horri erantzutea beharrezkoa da, indarrez gaudela eta erantzuteko subjektu garela erakusteko». Oizek gehitu du hitzak sobran daudela, eta «kalera atera» behar dela. «Konpromisoak hartu behar ditugu benetako parekidetasuna berma dadin». Hala, larunbatean 18:00etan Golem zinemetatik abiatuko den manifestaziora deitu dute herritarrek.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak, bestalde, gertaerak salatu, eta azaldu du «berriz halakorik gerta ez dadin ahalegin guztiak» egingo dituztela: «Ez gaude prest horrelako erasoak arruntzat jotzeko». Gertakariak gaitzesteko elkarretaratzea egin dute.
Atxilotuak, herritarrei esker
Iruñeko Udaleko eledunen batzordeak herritarrei eskerrak eman dizkie ustezko erasotzaileak atxilotzen laguntzeagatik. Izan ere, erasoa gertatzen ari zela Udaltzaingoari deitu, eta haiek iritsi bitartean ustezko erasotzaileetako bat atxikitzea lortu zuten. Bigarrenaz eginiko deskribapenak, halaber, hura auto artean atzemateko balio izan zuen.
Horrez gain, INAI Nafarroako Berdintasunerako Institutuak baieztatu duenez, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Jardunbide Koordinatuaren Protokoloa martxan jarri zuten asteburuko erasoan, eta biktimari arreta osoa eskaini. Erasook emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren «sinbolo bortitz» gisa definitu ditu institutuak, eta parekidetasunaren aldeko borrokan lanean jarraituko duela berretsi du.
Emakumeen kontrako indarkeria
Iruñeko sexu erasoak salatu dituzte elkarretaratze batean
Ustezko bi erasotzaile espetxeratu egin dituzte, eta hirugarrenaren bila ari da oraindik Polizia. Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Iruñeko udaletxearen aurrean, eta larunbateko manifestaziora deitu dute herritarrek: 18:00etan abiatuko da, Golem zinemetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu