2016an Iruñeko sanferminetan emakume gazte bati egindako talde bortxaketaren gaineko auzibideek beste sententzia bat ekarri dute. Bost gizon daude zigortuta gaur egun delitu horregatik, eta orain Nafarroako Auzitegiak erabaki du horietako biri hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezartzea bortxaketaren irudiak hartu zituztelako; zazpi bideo eta bi argazki egin zituzten, eta intimitatearen kontrako delitua leporatu die horregatik. Akusazio partikularrak eta herri akusazioek egina zuten zigor eskea aintzat hartu dute epaian; leporatzen zaien delituarengatik eska daitekeen handiena da. 5.670 euroko isuna ere ipini diete. Akusatuek helegitea jar dezakete orain sententziaren aurka.
Bortxaketan parte hartu zuten beste hiru gizonezkoak absolbitu egin dituzte sententzia horretan. Haiei ezin zaie egotzi intimitatearen kontrako deliturik, epaiaren arabera; «ez zuten lankidetza objektiborik eta eraginkorrik egin delitu hori gauzatu ahal izateko».
Bortxaketaren harira, lehendik ere zigorra jasota daude bost akusatuak. Uztail honetan, hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak, bortxaketa egotzita. Epai hori etorri zen aurrez Nafarroako Auzitegiak ezarritako zigorra handitzera. Izan ere, hasierako sententzian sexu abusua leporatu zieten, eta, ondorioz, delitu horri dagokion zigorra sexu erasoari dagokiona baino apalagoa da; hain zuzen ere, lehenbiziko zigorra bederatzi kartzela urtekoa izan zuten.