Iruñeko txupinazoaren aferan atxilotutako 12 lagunak aske daude, eta 16 dira inputatuak

Iruñeko Udaltzaingoaren «militarizazioa» salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aske geratu dira Iruñeko Udaltzaingoak herenegun atxilotutako hamabi lagunak, hamabostean behin epaitegian sinatzeko baldintzarekin. Iazko sanferminetako txupinazoan ikurrinak eta euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen duten banderak zabaltzen saiatu ziren hainbat lagun, eta Udaltzaingoak gogor egin zuen haien aurka. Gertaera haiekin lotuta, kale istiluak egitea eta agintarien aurkako atentatua egitea leporatuta atxilotu zituzten hamabi lagun herenegun, eta haiek guztiak aske utzi zituen epaileak, deklarazioa hartu ostean. Herenegun askatu zituzten zortzi, eta atzo bost —atxilotutako lau, eta bere kabuz aurkeztutako bat—.

Nolanahi ere, auzian inputatuta segituko dute hamahiru lagun horiek, aurretik egoera berberean zeuden beste hiru lagunekin batera; haietako bi txupinazoaren egunean atxilotu zituzten.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du «ikurrina desagerrarazteko» asmoa izan zutela udaltzainek txupinazoaren egunean. «UPNren agindu politikoak» dituztela erakutsi zuten udaltzainek, AAMk esan duenez, eta gogor egin du haien kontra: «Guardia Zibila eta Espainiako Polizia bezala, Iruñeko Udaltzaingoa ezker abertzalearen kontrako errepresio politikorako polizia bat da, ikurrinaren kontrako polizi bat da, askatasun zibil eta politikoen kontrako polizi bat da».

Iruñeko Udaltzaingoaren «militarizazioaren» beste adibide bat dira atxiloketak, AAMren irudiko, eta «gizarte honen sektore zabal batek» eskubide zibil eta politikoak murriztuak dituela salatu dute. Kezkatuta dago AAM; «Nafarroako hiriburuan zerbait ez dabil ongi», diote. «Askatasunik eza argi ikusten da bandera legal bat ateratzeagatik poliziak egoera hauek sortzen dituenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.