Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolak euskarazkoak izatera igaroko dira datorren ikasturtean. Iruñeko Udalaren proposamenean jasotzen denez, euskarazko hizkuntza eskakizuna betetzen duten 26 langile kontratatuko dituzte, eta egun zentro horietan dauden beharginak birkokatuko.
24 postu hezitzaileentzat izango dira, eta beste biak, zuzendaritza lanetarako. Guztiek izan beharko dute gutxienez euskarazko C1 maila.
Maider Beloki zinegotziak azaldu du gurasoen eta euskalgintzaren eskariari erantzuten diotela horrela, eta udal gobernua babesten duten lau alderdiekin (EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra) adostu dutela erabakia.
LAB sindikatuko Iruñeko haur eskoletako ordezkaritzak poza azaldu du udalaren erabakiaren aurrean, eta nabarmendu du hiriko gune ezberdinetara zabalduko dela euskarazko eskaintza.
"Erabaki honekin, herritarren hizkuntza eskubideak ziurtatuagoak izanen dira, eta, aspaldiko partez, hainbat herri mugimendu eta, bertzeak bertze, sindikatu honetatik aldarrikatzen ari ginen eskakizunari erantzuna eman diote", adierazi du LABek.
Gainera, sindikatuak azpimarratu du udalak, aldaketa horiek ezartzerakoan, "kontu handiz" jokatu duela lantaldeari "ahalik eta min gutxiena emateko, izugarrizko ikerketa eginez". LABen esanetan, udaleko teknikariak "buru-belarri" aritu dira lanean hizkuntza ereduen aldaketa inor kaleratu gabe egiteko.