Hekimen euskal hedabideen elkarteak bere iritzia plazaratu du Enrique Maiaren udal gobernuak hartutako erabakiaz. Herri ekimeneko euskarazko komunikabideak biltzen dituen elkartearen iritziz, baldintzetan inolako irizpiderik ez jasotzeak agerian uzten du Iruñeko udal gobernuak ez duela bertako euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeko asmorik. «Eta, era beran, argi erakusten du erabat arrotz zaiola euskarazko hedabideek euskararen normalizazio prozesuan betetzen duten funtzio garrantzitsua». Beste honakoa gaineratu du Hekimenek: «Hizkuntza irizpiderik ez jartzea, hedabide guztiei gutxieneko audientzia maila eskatzea edota balorazioan audientziaren gaiari puntu guztien %75 eskaintzea, guztiak ere euskarazko hedabideak lizitaziotik at uzteko trikimailuak izan direla pentsarazten digute».
Elkarteak gogorarazi du Iruñeko udal gobernuak 600.000 euro banatuko dituela aurten sei hedabideetan, udal publizitatea txertatzearen truke, eta diru multzo horretatik euro bakar bat ere ez dela euskarazko hedabideetara bideratuko. Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko koordinatzaileak hala esan du BERRIAn: «Ez dute nahi euskaldunak ahaldunduko dituen hedabiderik».
Beste alde batetik, Hekimenek nabarmendu du Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzeko argitaratu duen deialdian ez dutela hizkuntza irizpiderik ezarri. «Tipologietan edota diru poltsetan egin diren aldaketen ez dute euskarazko hedabideentzat ezer onik iragartzen«.