Iruñeko Udalak helegitea jarri dio udaltzain bati bere kideek laneko jazarpena egin ziotela adierazi zuen epaiari. Abenduan eman zuten epaia, 2008an jazotako gertaeretan oinarrituta, eta jazarpena jasan zuen langileari 11.235,36 euro ordaintzeko isuna ezarri zion epaitegiak udalari. Yolanda Barcina alkateren taldearen arabera, mobbing-aren ordez, salaketa jarri zuen udaltzainaren eta beste kide batzuen arteko etsaitasun kasu bat izan zen, eta «udaltzainak berak areagotu zuen etsaitasuna, bere kideen kontrako salaketa larriak eginda».
NaBaik eta Iruñeko Udaleko hautetsi independentistek salatu egin dute Barcinaren jokaera, eta jazarpena jasan zuen udaltzainari babesa emateko eskatu diote udalari.
Gertaerak 2008ko urtarrilean abiatu ziren. Orduan, bere kide batzuek atxiloketa batean izandako jarrera bortitzari buruz hitz egin zuen udaltzain batek, eta hurrengo egunetan haren kontrako pintaketak azaldu ziren polizia etxean. Besteak beste, «salataria» eta «maritxua» izatea egozten zioten.
Iruñeko Udalak 'mobbing' kasuko epaiari helegitea jarri izana salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu