GAZTERIA

Iruñeko Udalarekin lankidetza bukatutzat jo du Gaztetxearen Aldeko Asanbladak

Espazio autogestionatu bat sortzeko tenorean, bide instituzionala "ezgaia" dela ondorioztatu du gazte mugimenduak.

Gaztetxearen inaugurazio festa egin zuten iazko urrian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko irailaren 1a
18:23
Entzun

Norabidea aldatzea erabaki du Iruñeko Alde Zaharreko Gaztetxearen Aldeko Asanbladak. Gazteen irudiko, erakunde publikoekin hitzarmenak sinatzeak eta legezko bide instituzionala urratzen segitzeak ez du balio espazio autogestionatuak sortzeko, eta agortutzat jo dute aukera hori: "Espazio liberatua da aseko gaituen aukera bakarra".

"Klase politikoaren jokabide zinikoa" salatu dute ohar batean, eta Caparrosoko txaleta hustu aurreko prozesua azaldu. Prozesu horretan UPNk eta PSNk izandako jarreraz gainera, Geroa Baik hartutako erabakiak ere kritikatu dituzte: "Euskal eskuinak ere (gatazka askotan espainiar eskuinaren argudiaketen partaide bihurtzen den horrek) kriminalizazio kanpainarekin bat egin zuen. Hortaz, baimenik gabe ekindako egokitzapen lanak aitzakia, aldaketaren blokean hausturak agertu ziren. Ondorioz, gaztetxea hustea agindu eta, horrekin batera, auzoko ehun sozialean sustraitzen hasia zen kontrabotere proiektua deuseztatu zuten".

 

Hona hemen Gaztetxearen Aldeko Asanbladak kaleratutako oharra:

2015eko maiatzean, Iruñearen historia garaikideko jazoerarik garrantzitsuenetakoa bizi genuen. Herri Mugimenduaren lanari esker bereziki, eskuinak instituzioen parte handi baten kontrola galdu zuen. Bide berriak eraikiko lituzkeen politiken aldeko hautua egin zen. Gertakariek ilusioa barreiatu zuten Iruñeko jendartearen gehienagoarengan. UPNren faxismoaren aurka borrokatu eta eginiko erresistentziaren ondoren, behingoagatik, erregimena behera zetorren. Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko ekimenean parte hartu dugunok ere gertakari hauen partaide izan eta ilusioarekin bizi izan genituen. Ahal bezain laster, eskualde mailako hainbat kolektibotako norbanakoak biltzen hasi ginen Iruñerria Gaztetxez zipriztintzeko xedeaz.

Aldarrikapenez, eragiteaz eta hainbat hilabeteetako lan gartsuaren ondoren, lortu genuen. 10 urteren ostean lehen aldiz, Iruñeak Gaztetxea zuen. 2015eko abenduaren 5ean, 600 pertsonen artean Nafarroako Gobernuak utzia zuen eraikina okupatu genuen, herriarentzat irekia izango zen Gaztetxea eraiki aldera. Okupatzea erabaki genuen, ezen eta aldaketa instituzionala lehenetsita ere, argi baikenuen erregimenaren indarrak bizirik zirauten bitartean bultzaka jarraitzearen beharra genuela. Hala ere, konfidantza handia eskaini genion indar eraldatzaile eta ezkerrekoek politika birbideratzearen aukerari. Horregatik, okupatuta ere, instituzioekin elkarrizketatzearen alde apustu egin genuen espazioaren lagapena adostu ahal zitekelakoan.

Elkarrizketa prozesua bitarte, gutxika gutxika ulertu genuen klase politikoaren jokabide zinikoa. Eta nolanahi ere, espazioa jazten eta eraikitzen jardun genuen dozenaka ekimenekin astero: hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, denetariko asanbladak. Dozenaka kolektibok parte hartu zuten Gaztetxean. Hilabete eskasetan, Iruñeak merezi duen zinezko aldaketa politiko eta sozialean sakontzea xede zuen (eta duen) kontrabotere proiektu herrikoia eraikitzen hasi ginen instituzioetatik haratago. Eraikin hil hartatik jaiotako biziak erregimenaren (eta ez hain erregimenaren) indarrak asaldatu zituen baina. Eskuinak, Kapitala eta Estatua Gaztetxearen aurkako jazarpenari ekin zioten. Ondorioz, Geroa Baik hasiera eman zion gu espaziotik kanporatzeko prozedurari.

Hustutze mehatxupean (16 pertsonaren identifikazioa barne) eta Udaletxearekin elkarrizketa bidea irekita genuelarik, Gaztetxeko Asanbladak, proiektuaren norabidea betirako baldintzatuko zuen erabakia hartu zuen: Udaletxeak eskainitako espazioari baiezkoa eman genion. Bi izan ziren proposamena onartzearen arrazoiak: alde batetik, eskainitako eraikin berriaren ezaugarri fisikoak Gaztetxearen proiektuarentzat hobeak zirela, eta bestetik, “aldaketarekin” arduratsu jokatu behar genuela ulerturik, ez geniolako tentsio kaltegarririk sortu nahi.

Proposamena onartu eta berehala ekin genion lanari. Iruñeko Udaletxearekin sarritan bildu ginen espazioaren kudeaketa, eraikin barnean egin beharreko egokitze lanak eta lagapen kontratuaren nondik norakoak adostearren. Hilabete andana bilera luzetik luzera pasa ostean, konturatu ginen zein neketsua eta zaila den instituzioen bidea. Guk eginiko proposamenak (kontratuak, lan planoak, eta abar) Udaletxeak banan banan gaitzetsi zituen. Egoera honen aurrean, epeen galera, burokraziak sortutako nekea eta Gaztetxe proiektuaren iraunkortasunaz kezkatuta ginelarik, ultimatuma jakinarazi genien: Ekainak 18an eraikin barnean izango ginela. Berriz ere, eragindako presioak etekinak ekarri zituen bueltan. Ekainak 17an eraikinaren giltzak gure esku ipini zituzten. Gure nahien aurkako kontratua onartu arazi ziguten, ordea. Bi aukera genituen, kontratua sinatu eta gerora hobetu, edota Udaletxearen eraikina okupatu. Gure erabakia argia izan zen zentzu honetan: elkarrizketaren aldeko apustua egin genuen berriro.

Eraikinean sartu eta hurrengo egunetara ospatu genuen Gaztetxearen estreinua. Instituzioari espazioa kendu eta autogestioaren bidetik eraldatzeak ospakizuna merezi duen garaipen herrikoiaren kutsua iradoki zigun. Gerora, Auzoko eta Iruñerria osoko ehundaka gazte urbildu ziren auzolan, asanblada eta antolatutako ekimenetara. Baina mugimendu, aberastasun eta errebeldia honen guztiaren aurrean, eskuina asaldatua agertu zen berriz ere. Euskal eskuinak ere (gatazka askotan espainiar eskuinaren argudiaketen partaide bihurtzen den horrek) kriminalizazio kanpainarekin bat egin zuen. Hartaz, baimenik gabe ekindako egokitzapen lanak aitzaki, aldaketaren blokean hausturak agertu ziren. Ondorioz, Gaztetxearen hustutzea agindu eta honekin batera, auzoko ehun sozialean sustraitzen hasia zen kontrabotere proiektua deuseztatu zuten. Gaztetxearen iraupen laburra dela eta, honek ez zuen betarik izan nahi eta ahal zuen guztia esan eta egiteko. Proiektua eta asanbladaren gogoa bereziki gainbeheran kausitu ziren erabat. Gaztetxearen hustutzeaz haratago, helarazitako mezua argia eta suntsitzailea izan zen: sistemaren markotik at ez dagoela biderik.

Gertatutakoak gure hasierako tesiak berretsi zituen: instituzioak lege inposatuaren abagune estuak gainditzeko duen ezgaitasuna, eta aldi berean, hauek botere herrikoiaz gainditzeko beharra. Hots, instituzioa eta status quo-a desobeditzeko beharra egoera bidegabeak gainditzearren. Boteredun klaseek haien inguruan eraiki dituzten arkitektura instituzional, judizial, ekonomiko eta ideologikoek haien interesak babestu eta iraunarazten dituzte sistematikoki. Hala nola, langile klasearen esplotazioa eta Euskal Herriko borondatearen jazarpena. Eta baldintza zehatzetan ere, espazio autogestionatuak eraikitzeko bide legala galaraztearekin, erregimena inpugnatu eta iraultzearen xedea ekiditen da. Azken batean, jaunaren etxea ezin baita jaunaren tresneriaz desegin.

Horregatik, Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko Asanbladak hartutako ondorioa zera da: Udaletxeak eskainitako bide legala ezgaia dela espazio autogestionatua eraikitzeko, aitzitik, autogestionatzeko nahiak eta errebeldia mugatzeko besterik ez duela balio. Espazio liberatua da ase gaitzakeen aukera bakarra. Erabaki honen zergatia ez da soilik epeen berandutzeagatik (hilabeteak mezurik jaso gabe), agindutakoa ez betetzeagatik, edota gestio, lan eta epe proposamen argirik egin ez digutelako. Erabateko garrantzia duen zergatia defendatzen ditugun baloreekin bat egingo duen irtenbidea eskaintzeko ezgaitasunean datza.

Egoera honen aurrean, Alde Zaharreko Gaztetxearen aldeko Asanbladak, Iruñeko Udaletxearekin batera ekindako bide instituzionala amaitutzat ematea erabaki du. Aldez aurretik, prozesu honetan guztian lagundu eta aurrerantz bultzatu gaituzten guzti horiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak eman nahi dizkiegu ere proiekturik gabeko azken hilabeteotan asanblada ahalegin handiz bizirik mantendu duten kolektibo guztiei. Eskerrak eman ere, zinez, proiektuan sinetsi eta osotara eramateko ahal bezainbeste egin duten zinegotziei. Ezen argi utzi nahi dugu hau ez dela Gaztetxearen eta Udaletxearen arteko gatazka, baizik eta Autogestioaren eta Kapitalismoaren artekoa. Eta gatazka honetan, inposatutako bidegabekeria gainditzeko mobilizazioa eta desobedientzia besterik ezin dugula erabili. Hortaz, intsumisioaren eta desobedientziaren bidetik bagoaz, Auzoan Gaztetxea irabazteko bidean egonen gara, Gazte eta Herri Mugimenduak izanik borroka honen erritmo eta mugak marrazten bakarrak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.