euritea

Irunen urak eramandako gizonezkoa hilda aurkitu dute

Atzo desagertu zen 76 urteko gizona, baratzean lanean ari zela. Eusko Jaurlaritzak 1983ko uholdeekin parekatu du asteburuko euri jasa. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan du 2.400 lagun kaltetu direla Martutene auzoan, eta oraindik jendea etxetik ateratzen ari dira. Hondamendi egoera izendatzea eskatu du, baina Jaurlaritzak dio goizegi dela horretarako. Alerta egoera amaitu dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Bideoa: Martutene Donostiako auzoa (Gari Goikoetxea, BERRIA)

2011ko azaroaren 7a
19:12
Entzun

Asteburuko euri jasek hildako lagun bat eragin dute: 76 urteko gizonezko bat. Atzo desagertu zen, Irunen baratzean lanean ari zela urak eramanda. Gaur aurkitu dute haren gorpua Irungo eta Hondarribiko Gurutze Gorriko kideek, arratsaldeko bostak aldera Irunen, Jaizubia parean, ibaian. Txingudi ikastola dago han inguruan.

Derion ere desagertu da lagun bat: 68 urteko emakume bat. Etxetik atera zen, baina ez da itzuli.

Donostiako Martutene auzoan kalte material handiak

Alerta laranja egoera amaitu egin da Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak esan duenez, eta metereologia zerbitzuek iragarri dute gaur arratsalde eta iluntzerako atertu egingo duela. Gaur ez du euria atzo eta herenegun bezala ari. Hala ere, goizean hainbat eragozpen sortu dira, batik bat, Gipuzkoan eta Nafarroan errepide sare nagusian.

Eusko Jaurlaritza bat egorri da Donostiako Udalarekin, eta Raul Fernandez Barne sailburuordeak ere 1983an izan ziren uholdeekin alderatu du asteburukoa. Fernandezek esan du metro koadroko 300 litro ere bota dituela. Ur gehien Tolosa (Gipuzkoa) inguruan bota du, hark esan duenez.

Donostian Juan Karlos Izagirre alkateak esan du 2.400 lagun kaltetu direla Martutene auzoan, eta 1983ko uholdeetako kalteekin parekatu du asteburukoa. Eguerdian han ziren, Izagirrez gain, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako EAJko zinegotzia eta Ramon Gomez PPkoa. "Txarrena da pasatu da", adierazi du alkateak. Gaur arratsaldean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, ahaldun nagusiak eta kalteak jasan dituzten herrietako alkateak bilduko dira egoera zein den zehazteko. Fernandezek esan du, hala ere, goizegi dela hondamendi egoera izendatzeko, Izagirrek eskatu bezala.

Martutene eta Loiola artean suhiltzaileak gaur goizean artean jendea etxetik ateratzen ari ziren, ura lehen solairuraino iristen baita zenbait gunetan. Beste batzuek etxeetara sartu nahi dute, arropa-eta hartzera. Martuteneko gasolindegia eta eskola itxita daude.

Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia kaltetutako herrietako udalekin bilerak egiten hasi da gaur arratsaldean bertan.

Astigarragako Udalak esan du norberak duen aseguru etxean kalteen berri eman behar duela. Erakundeek Astigarraga hondamendi eremutzat har dezaten Udalak kaltetu guztiei eskatu die udaletxera kalteen balorazioa eta argazkiak helarazteko.

Euskal Herrian kalteak, batik bat, Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean izan dira. Hernanin, Astigarragan eta Martutene Donostiako auzoan urak kalean hartu zituen, eta horrekin batera, denak, industrialdeak eta etxeak. Zenbait bizilagun euren etxeetatik atera behar izan dituzte, eta 50 bat inguruk Donostiako Gasca kiroldegian pasatu dute gaua. Lokatza, zaborra eta abar dago kaleetan eta industrialdeetan Hernanin eta alde haietan, baina gutxinaka gauzak normaltzen ari dira, Astigarragako Udalak esan duenez: jendea lanera joan da, ikastetxeak zabaldu dituzte...

Bidasoa eta Oria ibaien arroetan izan dira arazo gehien. Villabonan eta Zizurkilen ere gainezka egin zuen urak. Errepide mozketen ondorioz Goizueta isolatuta geratu zen. Nafarroan Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan izan du eragin gehien euriteak. Sakanan Arakil ibaiak gainezka egin zuen. Bizkaian Gobela ibaiak egin zuen gainezka, Getxon. Ekaitza Bizkaialdera doala esan dute metereologia zerbitzuek, baina gaur ahuldu egingo dela.

N-1 eta A-8 errepideen arteko lotunean luizia

N-1 eta A-8 errepideen arteko lotunean, Lasarte-Orian, luizia izan da eta itxita dago N-1etik A-8ra sartzeko bidea. Gidariek Donostia arte joan behar dute Bilbo aldera sartzeko. Andoain eta Lasarte artean ere itxita dago N-1 errepideko errailetako bat.

Kostaldean ere moztuta dago Zarautz eta Getaria arteko errepidea. Soraluze eta Maltzaga artean ere itxita dago. Atzo Deban ere moztuta zegoen. Atzo, gainera, A-15 autobidea moztu behar izan zuten, beste batzuen artean, beste luizi batengatik, Berastegin.

Bilbo eta Donostia arteko tren zerbitzua goizetik martxan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.