Iruñerrian gehienek txarresten dute UPNren hizkuntza politika

Nafarroako Gobernuaren inkesta soziolinguistikoak euskararen onarpen soziala handia dela nabarmendu du

ALBERTO BARANDIARAN IRUñEA
2006ko urriaren 11
00:00
Entzun
Iruñerrian bizi diren herritar gehienek ez dute ontzat jotzen Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika. Eremu erdaldunean bizi direnek eremu mistoan sartu nahi dute, eta gehienek begi onez ikusten dute euskara Administrazioan, komunikabideetan eta irakaskuntzan erabiltzea. Herritarren %77ri, esaterako, ondo iruditzen zaie euskara kontuan hartzea Administrazio Publikoan sartzeko, eta %84,4k egoki ikusten dute euskara unibertsitatean erabiltzea.

Nafarroako Gobernuak berak Ikertalde enpresari enkargatutako Iruñerriko ikerketa soziolinguistikoa izeneko azterlanaren arabera, ikastetxe publikoetan euskara derrigorrezkoa egitearen alde daude hamarretik zazpi, eta kopuru berdina mintzo da errotulazioa bi hizkuntzetan egitearen alde. Halaber, Iruñerriko herritarren %35,8k D ereduan -euskara hutsezko irakaskuntza- matrikulatuko lituzkete seme-alabak.

Nafarroako Parlamentuaren hezkuntza batzordean iaz egin zen hizkuntza politika aztertzeko batzorde txostengilean, UPN eta PSN hizkuntza eremuetan aldaketak egitearen aurka agertu ziren, behintzat ikerketa soziolinguistikoa egin arte. Ikerketa egina dago, eta, Aralar alderdiaren galdera bati erantzunez, Luis Campoy Hezkuntza kontseilariak publiko egin zuen atzo, Parlamentuan bertan.

Ikerketa esanguratsua da oso. Iruñerrian Nafarroako herritarren erdiak bizi dira -306.537 lagun, 2005eko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera-, eta funtsezko eremua da hizkuntzaren iraupenerako, eragile guztiek behin eta berriro azpimarratu duten bezala.

Zubiritik Beriainera doan tarte honetan, gainera, 1986ko Euskararen Legeak ezarri zituen hiru hizkuntza eremuak biltzen dira. Esteribar zona euskaldunean kokatuta dago. Zona mistoan sartu zituzten Antsoain, Burlata, Zizur Nagusia, Zizurko Zendea, Eguesibar, Uharte, Iruñea, Atarrabia, Barañain, Berriobeiti, Berriozar eta Orkoien, eta zona erdaldunean, berriz, Aranguren, Noain, Elortzibar, Galar eta Beriain.

Iaz egin zen azterketa. 3.016 inkesta denera, 15 urtetik gorako herritarren artean. Lanak %95,5eko konfiantza tartea dauka.

EZAGUTZA ETA ERABILERA KOPURUAK. Hizkuntza profilari dagokionez, elkarrizketatuen %16,7k aitortu dute euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri eta idazteko gai direla, eta %10,1ek, berriz, horretarako zailtasunak dituztela. Nolanahi ere, 15 eta 24 urte bitarteko tartean asko igotzen da euskararen jakite maila: adi horien artean daudenen hamarretik lauk diote hitz egiten, ulertzen, idazten eta irakurtzen badakitela. Ehunekoak, alabaina, asko jaisten dira erabilera kontuan hartzen denean. Iruñerrian bizi diren herritarren %85,4k gaztelania erabili ohi dute. %8,1ek, euskara erabili arren, gaztelaniaz hitz egiten dute maizago.

Transmisioa ere aztertu dute ikerlanean, eta euskaldun zaharrak Iruñerriko euskaldunen %19 direla ondorioztatu dute. Euskara ikasi dutenen erantzunak kontuan hartuta, gehienek euskaltegietan edo ikastetxeetan jaso dute hizkuntza -%36,5ek eta %35,5ek, hurrenez hurren-. Familia giroan ikasi dutenak, berriz, %34,8 dira.

Irakaskuntzarekin lotutako galderek D ereduarekiko balorazio oso ona erakusten dute, gaur egun dauden hizkuntza eredu guztien artean onena, alde handiz gainera. Iruñerriko herritarren %35,8k euskara hutsezko ereduan matrikulatuko lituzkete haurrak. Euskara irakasgai gisa edo gaztelaniarekin batera erakusten duten ereduak (A eta B) herritarren %15ek eta %17,9k hartuko lituzkete, hurrenez hurren. Erdara hutsezko eredua %22,5ek aukeratuko lukete.

GIZARTEAN PRESENTZIA. Inkestatuen erantzun esanguratsuenetakoak gizartean hizkuntzak izan behar duen presentziari buruzkoak dira. Esaterako, euskararen erabilera publikoaren kontrako iritzirik inoiz ez da nagusitzen, eta gehiengo oso garrantzitsuak -%80tik gora-- begi onez ikusten du euskara ikastetxeetan, unibertsitatean, Nafarroako Gobernuan, udaletan, epaitegietan, herriko jaietan edota komunikabideetan erabiltzea.

Administrazio publikoarekin lotutako galderek azpisail oso bat hartzen dute. Hamarretik zazpik uste dute ikastetxe publikoetan derrigorrez irakatsi beharko litzatekeela euskara, eta %63k uste dute herrietako seinaleak eta izendapenak euskaraz ere egin beharko liratekeela. Herritarren %54,8k, azkenean, lan eskaintza publikoetan euskara kontuan hartu beharko litzatekeela uste dute. Baina, nolanahi ere, %77k ondo deritzote Administrazio Publikoko langileei euskararen ezagutza baloratzeari. Inkestatuak, era berean, kultura jarduerak sustatzearen aldekoak dira, eta komunikabideetan presentzia txarretsi dutenak %15 baino ez dira.

Aldaketak iragarri dituCampoy Hezkuntza kontseilariak

Luis Campoy Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, eta inkestaz ari zela, eremuen arteko banaketan moldaketak iragarri zituen atzo Parlamentuan. «Datuak aski garbiak dira», esan zuen. «Parlamentuak erabakiko du, Gobernuaren proposamena aztertu eta gero, ea aldaketak egin behar diren». Miguel Sanzen Gobernuak ez du, ez Parlamentuan bederen, arazo handirik izango. Atzo, oposizioko talde guztiak zona mistoa zabaltzearen alde agertu ziren.

Patxi Telletxea Aralarreko bozeramaileak euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko neurriak eskatu zizkion kontseilariari. «Ez duzue hizkuntza politika aldatu behar?» galdetu zuen. «Ez duzue ezer egingo euskara agerikoagoa izan dadin?». PSNko Carlos Cristobalek nabarmendu zuen Gobernuak zona mistoaren mugak berrikusi beharko lituzkeela, eta Miguel Izuk (IUN/NEB)errealitatea ikusteko inkestarik ez zela behar nabarmendu zuen. Maiorga Ramirez (EA) mugak berrikusi beharra azpimarratu zuen. «Euskararen erabilera ez dago normalizatua» esan zuen, «Nafarroan jende askok ezin duelako bere hizkuntza erabili». EAJk, ohar baten bidez, euskararen gaian gizartea politikarien aurretik doala azpimarratu zuen..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.