Irungo alarde parekidearen 20. urteurrenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ordezkaritza ofiziala bidal dezala eskatzeko mozioa adostu zuten Ahal Dugu eta EH Bildu taldeek Batzar Nagusietan. Gaur goizean eztabaidatu eta bozkatu dute proposamena, baina bi talde horien batzarkideen botoak besterik ez du jaso.
Aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP, "festa sentitzeko bi moduak" eta "sentsibilitate guztiak" onartu behar direla argudiatuta. Azkenean, 21 aldeko boto jaso ditu proposamenak, eta 27 aurkako.
EAJk osoko zuzenketa bat aurkeztu dio mozioari, ondoko testuarekin: "Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote jarraitzeko bitartekaritza lana egiten, Irungo eta Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko helburuarekin". Testu hori aurrera atera da, aldeko 27 botorekin.
511 sinadura, alarde mistoaren alde
Iragan astean, Irungo alarde mistoaren aldeko manifestua sinatu zuten 511 emakumek, eta hilaren 30ean, San Martzial egunarekin, Irunera joateko deia egin zuten, "alarde parekidea babesteko eta elkartasuna adierazteko". Idatzia sinatu duten andrazkoen artean, politikaren, kulturaren, kazetaritzaren eta zuzenbidearen esparruetako ordezkari ezagun ugari daude: EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte, PSEko politikari ohi Gema Zabaleta, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Arana, Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Anari musikaria, Estibaliz Ruiz de Azua kazetaria, eta Toti Martinez de Lezea eta Laura Mintegi idazleak, besteak beste.
Manifestuaren sinatzaileen arabera, jai adierazpen gehienak "garai berrietara egokitzen joan diren arren", Irunen, "itxurazko normaltasun baten atzean", bi alarde egiten dira oraindik: "Bata pribatua, tradizionala eta baztertzailea; eta bestea parekidea, zeinean emakumeek eta gizonek rol berdina daukaten".
Aurten, hogei urte beteko ditu Irungo alarde parekideak. Izan ere, 1998an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai batek adierazi zuen emakumeek "oinarrizko eskubidea" zutela alarde publikoetan gizonen baldintza berberetan desfilatzeko, eta, beraz, udalek antolatutako alardeetan emakumeek aukera izan behar zutela soldadu gisa parte hartzeko. Ordurako, Irungo eta Hondarribiko alardeek eginak zituzten pribatizatzeko lehen urratsak. Hortaz, Irungo Udalak alarde publiko misto bat antolatzea erabaki zuen.
Agiriak dioenez, hogei urte baino gehiago igaro dira Irun eta Hondarribiko andreak "bestelako rol bat aldarrikatzen hasi zirenetik", eta, ordutik, "hamaika jazarpen kasu sufritu dituzte, tradizioan oinarrituta". "Gogoan ditugu emakume horiek, plastiko beltzez inguratuta, istiluen aurkako Poliziak babestuta desfilatu behar izaten zuten bitartean".
Manifestuaren sinatzaileek gogora ekarri dute, halaber, martxoaren 8ko mobilizazioek izan zuten oihartzuna: "Argi gelditu zen, alde batetik, emakumeok dugun indarra geure eskubideen alde borrokatzeko, baina bestetik, parekidetasun erreala lortzeko, bide luzea dugula aurretik". 511 sinatzaileek azpimarratu dute, halaber, alardeen auzia ez dela "tokiko arazo bat, kanpotarrek ulertu ezin dutena", eta konponbide bat ematera premiatu dituzte instituzioak: "Ezin ditugu beste bi hamarkada eman erabaki politiko baten zain". Horregatik, deia egin diete "Euskal Herriko emakume eta gizon guztiei, ekainaren 30ean Irunera joan eta alarde publikoaren alde mobiliza daitezen". Irungo alkate Antonio Santanori eta PSE alderdiari ere eskaera egin diete : "Alarde mistoaren aldeko herritarrak errespetuz trata ditzatela, eta alboratu dezatela orain arteko anbiguotasuna".