Emakumeen bazterketa

Irungo alkateak alarde mistoaren aurkako erasoak gaitzetsiko dutela espero dute antolatzaileek

Ekainaren 30ean, San Martzial egunez, Irungo (Gipuzkoa) Alarde mistoaren kontra izan ziren erasoen inguruan Jose Antonio Santano alkateak jarrera argia hartuko duela espero dute ekitaldi horren antolatzaileek, eta, beraz, gaitzetsi egingo dituela. Alarde mistoak gizon zein emakumeei berdintasunean parte hartzeko aukera ematen die; Alarde tradizionalean, ordea, gizonezkoek soilik parte har dezakete ekitaldiko rol nagusietan. Haiekin batera, emakume bakan batzuk baino ezin izaten dute parte hartu, kantinera gisa.

2004ko uztailaren 3a
13:09
Entzun
Azken urteetan bezala, joan den ekainaren 30ean bi alarde egin ziren Irunen: emakumeei berdintasunez parte hartzea eragozten dien Alarde tradizionala, eta aukera berdintasuna bermatzen duen alarde mistoa.

Agintarien erabakiz, ordu diferenteetan atera ziren biak, hartara, istiluak eragozteko. Hala ere, Alarde mistoa desfilatzen ari zen une batean, Alarde tradizionalaren aldeko batzuek iraindu egin zituzten ekitaldi horretako parte hartzaileak, edariak jaurti zizkieten, eta segizioak aurrera egin zezan eragozten saiatu ziren. Jose Antonio Santano Irungo alkateak gertakari horiek gaitzestea espero dute Alarde mistoaren bultzatzaileek, prentsa ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Nolanahi ere, Irungo herritar gehienek Alarde mistoa "errespetuz" hartu dutela azpimarratu dute antolatzaileek, eta, hain zuzen ere, eskerrak eman dizkiete jarrera hori izateagatik. Ildo horretatik, erasoak egin zituztenak eta Alarde mistoa eragozten saiatu zirenak "gutxiengo indarkeriazale" bat zirela uste dute.

Santano alkateari oroitarazi diote bere "betebehar politikoa" emakumeek berdintasunean parte hartzeko aukera bultzatzea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.