Irunen (Gipuzkoa) migratzaileentzat zabaldu berri duten Martindozenea zentroa albiste pozgarria da Harrera Sareko kideentzat. Ordea, Aizpea Babazek aitortu duenez, ez da nahikoa. "Eguneko zentro bat behar da, gaixo daudenei edota haurrei laguntza eta baliabideak eskainiko dizkiena, besteak beste, medikuarenera joateko eta otorduak izateko". Lan horiek guztiak Harrera Sareak egiten ditu orain; zehazki, hura osatzen duten 150 pertsonek.
Plataformaren azken helburua desagertzea da, betiere bermatutakoan gaur egun eurek dituzten ardurak instituzioek hartu dituztela beren gain. Bide horretan lehen pausoa migratzaileei "arta egokia" eskaintzea da; besteak beste, aterpean lo egiteko bost gaueko muga alde batera utzita. "Uneotan hamabost pertsona daude Irungo Lakaxita gune okupatuan lo egiten, migratzaileentzako zentroetako bost eguneko muga gainditu dutelako".
Migratzaileen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute Irunen, Harrera Sareak deituta. Jende ugari bildu da, iheslarientzako "harrera duina" eskatzeko. Hara bildu direnek izan dute aukera migratzaile baten zuzeneko testigantza entzuteko ere. Hark azaldu du nola, Baionaraino heldu ostean, handik Irunera itzuli zuten, udaletxera jotzeko esanez: "Arratsaldeko bostetan heldu ginen, eta udaletxean ez zegoen inor guri laguntzeko. Hala, geltokian egin behar izan genuen gaua".
Harrera Sareak izandako ibilbidearen balorazioa ere egin dute elkarteko kideek. Uztailaren 27tik gaur bitarte, 750 otordu baino gehiago eman dituztela esan dute, eta, horrez gain, irundarrek emandako arropa jasotzeko lanetan aritu direla. Orain, gaixoak laguntzeko boluntario taldea sortu berri dute.
Donostian ere, laguntza eske
Donostian, udalari eskaera zuzena egin dio migratzaileei laguntzen dien sareak, har ditzala egun eurek artatzen dituzten hamalau migratzaileak. Elkarteak gogorarazi du Markel Olano diputatu nagusiak berak esan zuela "arreta osoa" emango zietela Gipuzkoan geratu nahi zuten migratzaileei. "Erraza behar luke 14 lagun hauei laguntzeko baliabideak lortzeak". Aldundiari eskatu diote bete dezala emandako hitza.