Gazte eritrear baten gorpua aurkitu zuten joan den igandean, Irunen (Gipuzkoa), Bidasoa ibaiaren bazterrean. Irungo Harrera Sareak adierazi du «ziurrenik» igarobidean zihoan migratzaile bat zela «urkatuta» agertutako 21 urteko mutila. Platafomak «kontrastatutako iturriak» baliatuz jakin ahal izan du ez zegoela Irunen erroldatuta; ez zuela ibilbiderik Bidasoaldeko helduen hezkuntza iraunkorrerako zentroan; ez zegoela erregistratuta harrera guneetan; ez zuela bizileku agiririk, eta Irungo eritrear komunitateak ez zuela ezagutzen. «Hau da, mamu baten aurrean gaude», azaldu du harrera sareko Alaine Aranburuk, Irungo Hilanderas aterpearen kanpoaldean egindako agerraldian. Plataformak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio argitu dezala hildako pertsonarekin «zer gertatu den». Salatu du, gainera, migratzaileen heriotzak eragiten dituztela haiek artatzeko administrazioen «politika eskasek».
Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Hilanderas aterpea bisitatu du —Gurutze Gorriak kudeatzen du—, eta iragarri du bertan behera utzi dutela etorkinak artatzeko joan den martxoaren 6an indarrean sartutako kontingentzia plana. Aurreko hilabetearen hasieran, muga zeharkatu eta Frantziako Estatura pasatu asmo zuten migratzaileak pilatzen hasi ziren Irunen, eta horri erantzuteko aktibatu zuten. Jakinarazi du erakundeen arteko mahaia ekainean berriro bilduko dela, «udako premietara egokitutako plan zehatz bat aurkezteko».
Hilda topatutako etorkinaz galdetu diote kazetariek Artolazabali, eta erantzun du Jaurlaritzak ez duela ezagutzen «suizidatuta» hil den pertsonaren nortasuna. «Dakiguna da ez dela artatuta izan igarobidean dauden migratzaileentzako dauzkagun lekuetan».
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egingo du bihar, San Juan plazan (18:00). «Ez dugu pertsona errugabeen heriotza normalizatuko, ezta onartuko ere; harrerarako eta bizitzarako lurraldea gara».