Alardea

Irungo Udalari leporatu diote alardeko istiluak konpontzeko "ezer" ez duela egiten

Landetxa konpainia mistoko kideek salatu dute igandean era askotako erasoak jaso zituztela, alardearen bukaeran. Ertzaintzak ez zituela istiluak gelditu eta udalak erasotzaileei "inpunitatez" aritzen uzten dielako, nazkatuta agertu dira. Bideoa: igandeko istiluak Irungo Alardean.

mikel p ansa
2013ko uztailaren 4a
15:38
Entzun

Irungo Alardeko Landetxa konpainiak salatu du udalak eta Ertzaintzak ez dutela "ezer" egiten urtez urte konpainia mistoen aurka gertatzen diren erasoak geldiarazteko. Nazkatuta agertu dira egoera horrekin.

Igandean egin zuten Irungo Alardea, Gipuzkoan. Arratsaldeko itzulian, Kale Nagusitik San Juan plazara sartzen ari zirela, Landetxa konpainiako kideek ikusi zuten alardearen zain ziren herritarren artean liskarrak gertatzen ari zirela.

Konpainiatik kide bat atera zen, liskarrean ari zirenak baretu nahian, baina une horretan edariak, edalontziak eta "era guztietako" gauzak botatzen hasi ziren pertsona batzuk konpainiako kideei.

Konpainia bera zatitu, ertzainen segurtasuneko katea hautsi, eta nahasmen handia sortu zen. 14 urteko neska bati lepotik heldu ziotela ere salatu dute Landetxa konpainiako kideek gaur goizean.

Urtez urte irainak, mehatxuak, erasoak... jasan behar izaten dituztela eta erasotzaileek "erabateko inpunitatea" dutela salatu dute gaur goizean konpainiako kideek. Istiluak gertatu ziren lekuan, hain justu, ez zegoen ez udaltzainik, ez ertzainik.

Oraingoz ez dute salaketarik aurkeztuko auzitegian, baina haien ezinegona publikoki agertzea erabaki dute. Alarde mistoa antolatzen duen batzordeak asteburu honetan aurkeztuko du bere balorazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.