Iruñeko 2. auzitegiak behin-behinean artxibatu du haur pornografiaren inguruko ikerketa bat, Google konpainiak «aitzakiak» jarri dizkiolako susmagarria identifikatzeko lanetan ez laguntzeko.
Epaileak azaldu duenez, auzitegiak eskaera formala bidali zion AEBetako konpainiari, ekintzen ustezko egilea identifikatzeko. Googlek, ordea, erantzun zion ezin zuela baieztatu epailearen sinadura benetakoa ote zen auzitegiko aginduan.
Googlek jarritako «aitzakia» salatu du epaile ikertzaileak, ikerketa artxibatzeko erabakia arrazoitzeko testuan. Aginduak epailearen sinadura elektronikoa duela azaldu dute, zeinaren benetakotasuna «erraz eta zalantzarik gabe baiezta daitekeen Googleri aginduan bertan emaniko webguneko estekaren bidez». Gaineratu duenez, aitzakiak agerian uzten du «multinazional horrek ez duela inongo asmorik laguntzeko haur pornografia eta pedofilia moduko lege hauste larri eta deitoragarrien kontrako borrokan».
Lege hausteen egilea ezin denez identifikatu, epaileak ikerketa artxibatu du, nahiz eta hura berriz zabaltzeko aukera dagoen, Google eskaturiko informazioa eman bezain pronto.
Epaileak salatu duenez, AEBetan egoitza duten enpresek «zentzugabeko gauzak exijitzen» dizkiete epaileei askotan, eta ez dute modurik horiei aurre egiteko.