Polizia operazioa

Iruretagoiena aske utzi du epaileak

Jesus Iruretagoiena aske gelditu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aurrean deklaratu ondoren. Fiskalak ez du bere aurkako neurririk eskatu eta epaileak libre utzi behar izan du. Pablo Muñoz Noticias egunkari taldeko zuzendariak bihar deklaratuko du. Atzo bere etxean hartutako ordenadorea irekitzeko deitu dio Baltasar Garzon epaileak.

2006ko uztailaren 12a
20:07
Entzun
Gaur arratsaldeko 17:30ean joan da Jesus Iruretagoiena Baltasar Garzon epailearen aurrera. Garzonek libre utzi du, Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalak ez duelako bere aurkako neurririk eskatu. Pablo Muñozek, berriz,bihar deklaratuko du. Ordubietarako minutu gutxi falta zirela Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dute Muñoz. Deklarazio hartzea orduan hasi dela zabaldu da lehen unean. Espainiako Poliziaren eskuetan inkomunikatuta egon dira Jesus Iruretagoiena eta Pablo Muñoz.

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAren "iraultza zergari" buruz irekita duen sumarioren barruan atxilotu zituen atzo Iruretagoiena eta Muñoz. Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Pablo Muñoz Noticias taldeko egunkarietako zuzendari editoriala Donostian atxilotu zuten, 10:00ak pasata; Jesus Iruretagoiena, berriz, Zumaian atxilotu zuten, 11:30 eta 12:00ak bitartean.

Pablo Muñoz eta Jesus Iruretagoienaren izenak joan den ostiralean zabaldu zituen Europa Press berri agentziak. Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak EAJren EBBko kide Gorka Agirreri deklarazioa hartu osten kaleratutako autoan agertzen omen ziren, ETAren finantza sareari buruzko sumarioan.

10:00ak inguruan atera zen Muñoz Donostiako bere etxetik, eta lanera iristen ez zela-eta larrituta izan ziren lankideak; hura atxilotu zutela jakin zuten gero. Iruretagoiena, berriz, 11:30 eta 12:00ak bitartean atxilotu zuten. Zestoako Arroa Behekoa auzoko ordainlekuan atxilotu zuten Iruretagoiena, emaztearekin zihoala. Askatasunaren arabera, Espainiako Poliziak gelditu eta atxilotzeko agindua erakutsi zien; aginduan zioen ETAri laguntzea egozten ziotela eta iraultza zergarekin zuela zerikusia atxiloketak.

Iruretagoienari ebakuntza egin zioten joan den larunbatean, belaunean protesi bat jartzeko, eta atzo zen kalera irteten zen lehen eguna. Haren senideek habeas corpus-a aplikatzeko eskatuko dute, eta lehenbailehen epailearen aurrera deklaratzera eramateko. Jasan dezakeen tratuarekin kezkatuta daude, belauneko ebakuntzaz gain, Iruretagoienak hipertentsioa, apnea eta ziatika baititu.

Bi atxilotuak inkomunikatuta dituzte, eta Efe berri agentziak atzo zabaldu zuenez, litekeena da bihar eramatea Garzonen aurrera. Horrez gain, berri agentziek atzo jakinarazi zuten Espainiako Poliziak bi atxilotuen etxeak miatu zituela Zestoan eta Donostian. Muñozek Diario de Noticias-en Iruñeko egoitzan duen bulegoa ere miatu zuten arratsaldean. Horren ostean biak Madrilera eraman zituzten, Espainiako Poliziaren Canillaseko egoitzara. Askatasunak jakinarazi zuenez, Iruretagoienaren semearen garajea ere miatu zuten, Arroa Goikoa auzoan.

SEKRETUPEKO SUMARIOAREN FILTRAZIOAK. Ekainaren 20an Fernando Grande Marlaska eta Laurence Le Vert epaileek abiatutako polizia operazioan kokatu dituzte atxiloketak. Sumario horretan jada 18 lagun atxilotu dituzte Frantziako eta Espainiako poliziek; horietako bi Nafarroako bi enpresaburu izan ziren, ETAri iraultza zerga ordaintzea egotzita hiru egunez inkomunikatuta eduki zituzten eta gero aske gelditu ziren. Bestalde, EAJren EBBko kide Gorka Agirreri ere hartu zion deklarazioa Marlaskak, eta 30.000 euroko bermea ezarri zion aske gelditzeko.

Sumarioa sekretupean dago, eta Marlaskak inputatuei emandako autoetan ez da sumarioaren edukirik agertzen. Soilik haien egoerari dagozkion atalak egin ditu publiko epaileak, alegia, inputatua kartzelatzea, askatzea edo bermea ezartzea erabakitzen duela dioen zatia; gainerakoa sekretupean gorde du. Autoaren edukiak komunikabideen bidez baino ez dira ezagutu, eta Agirrek dagoeneko helegitea eta salaketa aurkeztu ditu berak ezagutzen ez dituen edukiak filtrazio bidez egin direlako publiko.

Hain zuzen ere, Gorka Agirreri buruzko autoa Europa Pressera filtratu ostean agertu ziren Muñoz eta Iruretagoienaren izenak, joan den ostiralean. Europa Press agentziak ustez auto horretan jasotzen ziren edukiak argitaratu zituen, hiruzpalau teletipotan banatuta.

Haietan jasotzen zenez, Marlaskak ETAren iraultza zergaren ordainketan «bitartekari» lana egitea egozten zien autoan. Epailearen arabera, Muñozek Nafarroako enpresaburuekin egingo luke bitartekari lana, eta Iruretagoienak Zumaiako eta inguruko enpresaburuekin. Bestalde, Muñozen izena ekainaren 20an Espainiako Poliziak atxilotutako Jean Pierre Harokarenek eman zuela zioen berri agentziak. Harokarene Kirol Saileko kolaboratzailea da Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Baina Muñoz eta Iruretagoiena ez dituzte Marlaskaren aginduz atxilotu. Marlaskak joan den ekainaren 30ean egin zuen azken eguna Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko epaile moduan, 16 hilabetez Garzon ordezkatu ostean. Orain Garzonek darama auzia, eta sumarioari buruz hartutako lehen erabakia Muñoz eta Iruretagoienaren atxiloketak agintzea izan da.

MUÑOZEN ERANTZUNA. Europa Press-ek albistea kaleratu eta berehala, Pablo Muñozek agentziarekin hitz egin zuen, eta guztiz ukatu zuen iraultza zergaren ordainketan inoiz bitartekaritza lana egin duela. Horrez gain, larunbatean berak zuzentzen dituen bi egunkarietan artikulu bat kaleratu zuen, eta bertan prest agertu zen hala beharrez gero, agintari judizialen aurrean agertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.