Internet bidezko iruzurrak

Iruzurren aurpegi berrituak

Teknologia berriekin batera, maula egileek bide berriak aurkitu dituzte besteen diruzalekeriari edo uste onari etekina atera eta dirua irabazteko; iruzur batzuk berriak dira, baina ohikoek ere toki aproposa dute sarean.

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Lanik egin gabe dirua erruz irabaztea. Hori guztien burutik pasatu da noizbait, baina inoiz ez da gauzatzen. Ordea, besteen dirua erraz irabazteko nahiari etekina ateratzen ikasi duten pertsonak badaude: iruzur egileak. Batzuen uste ona eta besteen diruzalekeria lagun, dirutza ere irabaz dezakete. Urte askoan kalean lan egin izan dute, baina teknologia berriekin batera mundu osora hedatzeko aukera izan dute.

Estanpatxoaren ziria, loteria txartelarena, paper tindatuak edo wash-wash... Asko dira urteetan hedabideetan eta filmen bitartez ezagunak egin diren iruzurrak, eta, oraindik ere, indarrean daudenak. Baina azken urteetan beste iruzur mota batzuekin lehiatzen ari dira. Azken asteetan bereziki agerikoa egin da Internet bidezko iruzur bat: phishing-a. Phishing izenak toki bat lortu du estanpatxoaren ziriaren eta gainontzekoen ondoan, baina funtsezko alde batekin: iruzur egilea ez da biktimaren diruzalekeriaz baliatzen, haren uste onaz baizik. Fishing (arrantza egin) ingelesezko hitzarekin duen antza arrazoitua dago, neurri batean hori egiten baitu iruzur egileak. Bere sarean erortzen direnen datu pertsonalak eskuratzen ditu, kutxa eta banketxeen datuak batez ere.

Hori lortzeko, kutxa edo banku ezagun baten irudiarekin mozorrotzen dute iruzurra. Banku horren irudia eta ontzat jo daitekeen helbide bat erabiltzen dute mezu elektroniko bat bidaltzean, eta bertan, zenbait arazo direla medio, edo segurtasun arazo bat konpontzeko, datuak eskatzen dizkio ordenagailuaren erabiltzaileari: kontu korronteen zenbakiak, kreditu txartelen zenbakiak, Interneteko zerbitzuetara sartzeko pasahitzak...

Bankuaren izenean bidalitako mezu elektronikoa oso ohikoa da, baina bestelako bideak ere erabil ditzakete horiek eskuratzeko. Ordea, helburua bera da: datu pertsonalak lortu, eta pertsonaren dirua eskuratzea.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, Errusia eta Errumaniatik heltzen dira mezu horiek. Han daude iruzur horiek egiten dituzten mafia garrantzitsuenak, eta, Interneti, esker munduko bazter guztietara heltzen dira.

'Phishing'-aren beste biktimak

Atzerriko mafiek lortutako diru horri irteera emateko, diru hori zuritzeko, Internetera jotzen dute laguntzaile bila. Zeinek ez du jaso dirua erraz irabazteko eskaintza bat posta elektroniko bidez? Phishing-aren bigarren pauso horretan ohiko iruzurren jatorrira jotzen dute: pertsonen diruzalekeriara jotzen baitute. Hala, mezu horiei erantzuten dieten gehienak lanean ari diren pertsonak dira, baina diru beltzean jasoko dituzten beste irabazi batzuk nahi dituztenak.

Internetez jasotako eskaintza onartzen dutenak dirua zuritzeko sarean sartzen dira; askotan, delitu bat egiten ari direla ere jakin gabe. Mandoak deitzen ditu Poliziak bitartekari lana egiten duten horiek. Mandoak bere izenean dagoen kontu korronte bat eskaintzen die mafiei, eta phishing delakoaren bitartez eskuratutako dirua bertan sartzen diote. Diru hori jasotzen duenean, beste toki batera bideratzen du, dirua bidaltzeaz arduratzen diren enpresa jakin batzuetatik kasu gehienetan.

Dirua bidaltzeko erabiltzen diren zerbitzu horiek mafiako kideen anonimotasuna gordetzea errazten dutela nabarmendu du Ertzaintzak. Dirua bidaltzen duenaren nortasuna agerian gelditu arren, hartzailearen daturik ez da gordetzen bidalketa egiterakoan. Hortaz, bitartekaritza lan hori egin ostean dirua zuritzen laguntzen duten pertsona horiek dira agerian gelditzen diren bakarrak.

Phishing bitartez lortutako dirua zuritzea leporatuta atxilotutakoen kasuak agerian gelditu dira joan den hilean Araban eta Gipuzkoan. Araban, 23 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak azaroaren 11n. Poliziaren arabera, 1.900 euro jaso zituen bere izenean zegoen kontu korronte batean, eta horietatik 1.650euro atzerriko helbide batera bidali behar zituen; gainontzeko 250 euroak lan hori egiteagatik jasotako soldata zen.

Antzera gertatu zitzaion azaroaren 26an epaitu zuten Gipuzkoako emakume bati. Fiskalaren arabera, 2009ko abuztuaren 14an 3.110 euro jaso zituen bere izenean zegoen kontu korronte batean, eta Errusiako helbide batera bidali zuen, paketeak banatzeko enpresa baten bitartez. Gipuzkoako fiskalak 30 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, dirua zuritzeko delitu bat dela eta.

Erraza da mafien beste biktima horien arrastoari jarraitzea, baina nazioarteko mafietara heltzea oso zaila da. «EAE barruko diru mugimendu bat erraz jarrai daiteke, epailearen baimenarekin betiere; Western Unionen moduko zerbitzuen bidez bidalitako diruan arrastoak galtzen dira», azaldu du Ertzaintzak.

Interneten erabiltzaileen kontuen inguruko datuak eskuratzeko saioak oso ohikoak dira gaur egun. Hala, Inteco Espainiako Komunikazioaren Teknologiaren Institutuaren ikerketa baten arabera bost erabiltzailetatik batek kontu korronteen pasahitzak eskatzen zizkieten mailak jaso zituzten urte honetako bigarren hiruhilekoan.

Phishing-a dela eta, banku eta kutxa gehienek bezeroak ohartarazi dituzte, baita segurtasun neurri berriak ezarri ere, horrelakorik gerta ez dadin.

'419 iruzurra'

Iruzurra izan zitezkeen mezu elektronikoen %41 banku edo kutxa baten izenean bidalita zeuden 2010. urteko bigarren hiruhilekoan, Intecok azaldu duenez. Ordea, beste iruzurren adierazle diren igorleak agertzen dira Intecoren ikerketan: loteriak, zozketak, GKEak, fundazioak... Igorle horiek Interneten asko hedatu den iruzur baten erakusgarri dira: 419 iruzurra delakoa. Izena Nigeriako Zigor Kodetik dator, 419. artikulua urratzen baitu iruzur horrek, eta Internet hedatua ez zegoenean ere ohikoa zen.

Iruzur horren oinarria bertsua da beti, azal ezberdinekin jantzi dezaketen arren: biktimari dirutza jasotzeko aukera duela jakinarazten diote, baina, hori lortzeko tramiteetan aurrera egin ahala, aldez aurretik zerbait ordaindu beharko duela arrazoitzen diote.

Ustezko dirutza horren jatorria ezberdina da kasu guztietan: loteriako sari bat, ezezagun baten herentzia, herrialde bateko gobernuaren kalte-ordaina iruzur bat egin diotelako... Horrez gain, Internet bidez zerbait saldu nahi izan duten batzuei ere iruzur hori egin diete, diru trukea egiterakoan artesari batzuk ordaindu behar zirela argudiatuta.

Phishing-a eta 419 iruzurra urte osoan gertatzen dira, baina Gabonen ataria iruzurren biktima izateko garai aproposa dela ohartarazi dute Interneteko segurtasun enpresek. Olentzero edo Errege Magoen opariak erosteko eskaintza «deigarriak» dirua lapurtu eta datu pertsonalak eskuratzeko amuak izaten dira, baita zorion txartelak zein babesgabeekin lan egiten duten elkarteentzako diru-laguntza eskariak ere...

Zaharrak berri

Interneteko iruzurrek gero eta toki gehiago hartu dute, baina ohiko iruzurrak erabiliak dira oraindik ere. Denboran gertuena Durangon (Bizkaia) ustez gertatutako piramide itxurako maula izan da, Espainian Afinsak eta Forum Filatelicok eta AEBetan Bernard Madoffek egindako iruzurra.

Hogeita hamar familia inguruk Durangoko bi inbertitzaileren aurkako salaketa jarri zuten azaro bukaeran. Duela hamar urte hasi zen ustezko iruzurra. Salatutako pertsonek interes handia (%15) ematen zuten inbertsioak eskaini zizkieten hainbati. Ordea, bezeroek inbertsioa berreskuratzeko asmoa zutenean, aitzakiak jartzen zituzten horrelakorik ez egiteko, salaketa jarri dutenen abokatuak azaldutakoaren arabera.

Abokatuaren arabera, bi inbertitzaileek bezero berrien dirua erabiltzen zuten hasierako bezeroei interesak ordaintzeko. Batez beste 300.000 euroko maula egin diete salaketa jarri duten familiei, eta kasu batzuetan 900.000 eurora heltzen da galera. Bi inbertitzaileak desagertuta daude gaur egun, eta, abokatuaren ustez, baliteke horietako bat Kolonbian egotea.

Hogeita hamar familiek gaia auzitara eraman dute, baina iruzur horretan kaltetutako besteaskok ez dutela egingo jakinarazi dute. Biktimaren diruzalekeria tartean dagoela salaketarik ez jartzea ohiko jokabidea dela jakinarazi du Ertzaintzak. Horren ondorioz, zaila da gertatzen diren iruzurren zenbatekoa jakitea.

Bernard Madoffen iruzurrarekin Zabalgarbi Bizkaiko errauste planta nahastuta egon zen. Juan Ignacio Unda lehendakaria eta Domingo de la Sota finantza zuzendaria karguetatik kendu zituzten 2009an, iruzurgileren funts batean 3,7 milioi euro inbertitu eta galtzeagatik.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 992 salaketa jaso ditu Ertzaintzak irailera arte, iruzurrak direla eta. Aurreko urteekin alderatuta, salaketa kopuruak behera egin du. 2008an 1.456 salaketa jaso zituzten urte osoan, eta 2009an 1.546 salaketa. Lehen bederatzi hilabetetako salaketa erritmoak berdin segituz gero, 1.322 salaketa inguru gertatuko dira.

Paper tindatuen iruzurra—wash-wash esaten zaiona—aski ezaguna egin da azken hilabeteetan Araban. Iruzur egileak biktimari sinetsarazten dio tindatutako paper batzuk likido batekin bustitzean erabilera legaleko billete bihurtzen direla, eta likidoak saltzen dizkio paperak billete bihurtu ditzan. Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen urriaren 26an, iruzur hori egitea leporatuta.

Aholkuak

Iruzurrak saihesteko oinarrizko ideia bat eman du Ertzaintzak: inork ez du dirua oparitzen. Hori kontuan izanez gero, iruzur kasu asko saihestu daitezke. Beste kasuetarako, zuhurtziaz jokatzeko eskatu dute. Kreditu txartelen, kontu korronteen zenbakiak eta pasahitzak inori ez emateko aholkatu dute, eta agiri edo txartelen bat galduz gero berehala baliogabetzeko, bitartekorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.