Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen ustez, atzo Belfasten ekitaldi batean Isabel II.a Erresuma Batuko erreginak eta Martin McGuinness IRAko kide ohi eta Sinn Feinneko buruzagiak elkarri bostekoa eman izana "Espainiako Estatuarentzat ikasgai bat da". Izan ere, "IRAk borroka armatua uzteko hartutako erabaki historikoaren ostean Erresuma Batuak Espainiako Estatuaren eta Zapatero eta Raxoiren gobernuen moduan jardun izan balu, nekez gauzatuko zitekeen bake eta normalizazio politikoaren prozesua. Hau garatzeak ahalidetu du [Isabel II.aren eta McGuinnessen] atzoko irudia".
Kataluniako RAC1 irrati katean egindako elkarrizketa batean Etxeberriak esan du ETAk ere jarduera armatua uzteko erabakia hartu zuela —iazko urriaren 20an jakinarazi zuen berria erakundeak—, "baina PSOEren eta PPren gobernuak ez dira Erresuma Batukoaren konpromisoa erakusten ari".
Ateak itxitako ekitaldi batean elkartu ziren Isabel II.aren eta McGuinness, antzoki batean, beste ordezkari batzuekin batera. Ipar Irlandako Gobernuko lehen ministrordea ere bada McGuinness.