Gizartea

Islandiako errauts hodeia traba handiak sortzen ari da Euskal Herriko aireportuetan ere

Loiun, esaterako, 30 hegaldi bertan behera geratu dira. Egun guztian arazoak aurreikusten direla ohartarazten ari da Miarritzeko aireportua. Oro har, Europa guztian kaosa handia da.

2010eko apirilaren 16a
19:00
Entzun
Islandiako Eyjafjalla sumendiaren erupzioak sortutako errauts hodeia arazo handiak sortzen ari da Europako hegazkin trafikoan, eta Euskal Herria ez da arazo horietatik kanpo geratu. Loiu (Bizkaia), Foronda (Araba) eta Miarritzeko (Lapurdi) aireportuetanhainbat hegaldi bertan behera geratu dira eta atzeratu egin dituzte beste batzuk. Loiun, esaterako, 30 dira bertan behera geratu diren hegaldiak, Europa Press agentziaren arabera. Miarritzeko aireportuak ohartarazi du trabak handiak izango direla egun guztian, eta kopuru zehatzik eman ez duen arren, hegazkin konpainiekin zuzenean harremanetan jartzeko aholkatu die bidaiariei haien hegaldiak aterako diren edo ez argi diezaieten.

Kaosa Europako aireportuetan

Europa iparraldean sortu du arazorik gehien sumendiaren erupzioak. Zenbait estatutan guztiz itxita dago hegazkin trafikoa, hala nola, Finlandian, Erresuma Batuan, Herbeheretan, Danimarkan, Txekiar Errepublikan, Estonian, Letonian, Lituanian, Austrian, Hungarian eta Eslovakian. Belgikan gaurko hegaldi gehienak utzi dituzte bertan beheiti, eta Polonian, berriz,Crakoviakoa eta Rzesowkoak izan ezik -herrialdearen hegoaldean biak- gainerako aireportu garrantzitsuenak itxi dituzte. Frantziako iparraldean bihar arte hogei aireportu itxi dituzte, eta Alemanian hamar, haien artean Frankfurtekoa.

Irlandan aireporturik inportanteenak ireki dituzte, errautsak Europa ekialderantz zuzentzen ari direla-eta, baina Eurocontrol aire segurtasunerako Europako agentziaren azken jakinarazpenak dio berriz itxi dituztela. Suedian eta Norvegian bi herrialdeen iparraldetik hegaldi batzuk ateratzen hasi direla iragarri dute hango agintariek.

Eurocontrolek dio gaur gauean Europako hegoaldera heda daitekeela errauts hodeia.

Atzotik 17.000 hegaldi utzi dituzte bertan behera Europa osoan, Eurocontrolen arabera. Atzo Europa gainean 28.000 hegazkin ibiliko zirela aurrikusi zuen Eurocontrolek, baina 20.000 ibili ziren azkenean. Gaur, 11.000 ibiliko direla aurrikusi du.

Istripua eragiteko arriskua

Sumendiaren erupzioak errautsezko hodeiak sortzen ditu, eta hegazkin baten kabinan edo motorrean sartuz gero istripua eragiteko arriskua sortzen dute. Errautsak hautsezko, harrizko eta beirazko partikula urratzaileak dira, eta turbinetan sartzen badira, motorraren funtzionamenduan eragin dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.