Ekialde Hurbila

Israelek Eki Jerusalemen bizitzeko baimena baliogabetu die Hamaseko hiru diputaturi

Tel Aviven atzo izan zen atentatuari erantzuteko lehen neurria hartu du Ehud Olmert Israelgo lehen ministro izendatuak: Eki Jerusalemen bizi diren Hamaseko hiru diputaturi bertan bizitzeko baimena baliogabetzea erabaki du. Israelek, bestalde, Hamas jo du atzoko atentatuen arduradun baina ez ei du erasorik agindu Palestinaren aurka. Hala ere, bart gauen misil bat jaurti zuten Gazaren aurka eta goizean tiroka jarraitu dute.

2006ko apirilaren 18a
16:06
Entzun
Israelgo Gobernuak ez ditu Hamas Erresistentzia Islamikorako Mugimendua eta Jihad Islamikoa ezberdintzen. Azken honek, atzoko erasoa bere gain hartu zuen. Israelgo Gobernurentzat Hamas da atzoko erasoaren erantzule nagusia

Olmert eta hainbat aholkulari bildu dira gaur atzoko erasoari eman beharreko erantzuna aztertzeko. Gobernuak Eki Jerusalemen bizi diren Hamaseko hiru diputaturi bertan bizitzeko baimena baliogabetzea erabaki du.

Antza denez, bilera horretan izan direnek jakinarazi dutenek Olmertek ez du Palestinaren aurkako eraso militarrik abiatu nahi izan. Hala ere, Israelgo irrati publikoak zabaldu duenez, Gaza tirokatzen jarraitzen du Israelgo Armadak. Bart gauean hasi zen Israelen erasoa; Tel Aviveko atentatuaren ostean. Antza denez, helikopteroak Gaza gainean aritu ziren hegan eta misil batekin metalgintza lantegi bat jo zuten.

Eraso suizida egin zuen ekintzailearen aita atxilotu dute

Bestalde, atzo Tel Aviven atentatua egin zuen ekintzaile suizidaren aita atxilotu du Zisjordanian Israelgo Armadak. Horrez gain, Gaza bonbardatu dute bart, eta 'hilketa selektiboekin' aurrera jarraitzeko asmoa agertu du Saul Mofaz Israelgo Defentsa ministroak. Nolanahi ere, atzoko atentatuaren ondoren zein neurri zehatz hartuko dituzten gaur erabakiko du Ehud Olmert Israelgo lehen ministroak. NBE Nazio Batuen Erakundeak lasaitasunerako deia egin du. Atzoko eraso suizidan ekintzailea eta beste bederatzi lagun hil ziren.

51 urteko Samir Hamad, atzo Tel Aviveko erasoa egin zuen Sami Salim Mohamed Hamad 16 urteko gaztearen aita, gaur goizean atxilotu dute Israelgo soldaduek Zisjordaniako Al Araka herrian. Bart gauean altzariak eta ondasunak atera ditu etxetik ekintzaile suizidaren familiak, uste zutelako beste batzuetan egin duten bezala israeldarrek etxea suntsituko zietela mendeku hartzeko. Oraingoan, ordea, aita atxilotzea izan da Israelgo Armadak hartu duen neurria. Herri berean 22 urteko emakumezko bat ere atxilotu du Israelek.

Horrez gain, Israelgo Armadako helikopteroek Gaza hiria bonbardatu dute bart. Zehazki, altzairugintzan aritzen den lantegi baten aurka misil bat jaurti dute, eta kalte handiak eragin. Hala ere, inor ez dela zauritu agertu dute iturri ofizialek.

Nolanahi ere, Ehud Olmert Israelgo jarduneko lehen ministroak oraindik ez du erabaki Tel Aviveko atentatuari erantzuteko zein neurri hartu; iturri ofizialen arabera, gaur hartuko du erabaki hori. Dena den, Saul Mofaz Defentsa ministroak aurreratu du horietako batzuk zein izan daitezkeen, besteak beste, Jihad Islamikoko buruzagiaren aurkako hilketa selektiboekin aurrera jarraitzeko agindu baitu. Baina horiez gain, egun Hamasen esku dagoen PAN Palestinako Aginte Nazionalaren aurkako neurriak erabaki ditzake Olmertek. Hamasen Gobernuak ez du Tel Aviveko atentatua gaitzetsi; areago, ulertzen duela agertu du.

NBE Nazio Batuen erakundeak, berriz, lasaitasunerako deia egin die alde biei, eta errepide mapara itzultzeko galdegin die. AEBek, berriz, Hamaseko Gobernuaren kontrako neurriak eskatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.