Ekialde Hurbila

Israelen aurkako salaketa jarriko du Libanok, "gerra krimenengatik"

Israel nazioarteko auzitegietara eraman nahi du Libanok, "gerra krimenak" egotzita. Charles Rizk Justizia ministroak jakinarazi duenez, salaketa prestatzen ari dira dagoeneko, eta, besteak beste, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak, zein Human Rights Watch eta Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeek egindako txostenetan oinarrituko dira. Bestalde, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak Beirut bisitatuko du astelehenean.

2006ko abuztuaren 26a
16:45
Entzun
1.180 zibiletik gora hil ditu Israelek Libanon azken erasoaldiak iraun duen hiru asteetan. "Gatazka sarraskia izan zen, ez gerra bat, ohikotan hitz horri ematen zaion zentzun behintzat", adierazi du Rizk Justizia ministroak. Biktimen %90 zibilak izan direla nbarmendu du, eta "Kanako sarraskia" dela "gerra krimen" horien erakusgarri argienetako bat. Izan ere, etxebizitza eraikin bat bonbardatu zuen Israelek Kanan, eta 20 libanoar hil zituen, gehienak haurrak. Krimen horien guztien inguruko lekukotasunak eta informazioa jasotzeko asmoa dutela iragarri du, eta, ondoren, nazioarteko auzitegietara joatekoa.

Gainerakoan, Israelgo Armada eta Hezbola gerrilla su-etenean dira, baina gatazka ez da konpondu. Tentsioa handia da, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko bake indarrak lehenbailehen zabaltzeko eskatu dute behin baino gehiagotan alde biek.

Ildo horretatik, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak Ekialde Hurbila bisitatuko du datorren astean. Hain justu, Libanon hasiko du bisita: astelehenean Beiruten izango da, eta herrialde hartako agintari nagusiekin egingo ditu bilerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.