HIRU ZATI NAGUSIAK
Istanbuleko protokoloak hiru zati nagusi ditu: abokatuentzako da lehena, medikuentzako bigarrena eta psikologoentzako hirugarrena.
•Abokatuentzako zatia. Gida bat da. Abokatuei esaten die zer egin behar duten tortura kasu bat esku artean dutenean. Zati teorikoa da: tortura eta tratu txarra zer diren eta zer ez diren identifikatzen da, baita torturatzaileek edo kolaboratzaileek zer ardura maila duten ere. Hori guztia biktima batekin nola landu behar den jasotzen du. Juridikoki zein helduleku dauden, eta zein bideri jarraitu behar zaion.
•Medikuentzako zatia. Medikuek testigantza jaso behar dute, eta, gero, testigantza hori konparatu behar dute arrasto fisikoekin. Pertsona biluzten dute, aztertu, eta behar diren frogak eskatu. Euskal Herriko tortura kasuetan ez da oso baliagarria zati hau. Honela dio Oihana Barriosek: «Oso arrasto fisiko gutxi topatzen ditugu. Ondo kontrolatzen dute hori, oso ondo».Arrastoak uzten dituzten tortura modu batzuk erabiltzen dira: asfixia, poltsa, ariketa fisikoak eginaraztea, postura jakin batean egonaraztea... Baina arrasto horiek 48 ordu irauten dute. «Epe horretan ezinezkoa dugu froga horiek eskatzea. Batzuk inkomunikatuta daude oraindik, eta, ez badaude inkomunikatuta, espetxean daude, sarreren moduluan, eta handik ezin ditugu erietxera atera».
•Psikologoentzako zatia. Aurrena, testigantza jasotzen du psikologoak ere, eta, gero, ebaluazio test batzuk betetzen dira. Adibidez, pertsonak torturatu aurretik nolakoak ziren, eta gero nolakoak bilakatu diren demostratzen dute. Izaera aldaketak aztertzen dira, nortasun aldaketak, mundua ikusteko moduaren aldaketak, justiziarekiko ikuspegi aldaketak...Barrios: «Hainbat gauzetan adierazten da eta ikusten da tortura». Elkarrizketak egiten dira, prozesu luze batean, torturak pertsona horren bizian izan duen eragina aztertzeko.
ONDORIOAK
Elkarrizketa prozesu horiek pasatu ostean, metodo zientifiko bat aplikatzen dute medikuek eta psikologoek, kontatutakoa zein neurritaraino den egia frogatzeko. Kongruentziaktopatu behar dira, kontatutakoaren eta sintomen artean. Tortura frogatutzat emateko, erabat kongruentea izan behar du. Horretarako, sintoma bakoitza zergatik sentitzen duen eta horrek nola eragin dion azaldu behar da, eta justifikatu egin behar da sintomen existentzia, eta sintoma horiek ez zeudela aurretik.
Hiru ondoriotara irits daiteke: Testigantza faltsua dela; kongruentea dela, baina pertsonak ez duela nahasterik; edokongruentea dela, eta nahaste bat eragin diola.
Istanbuleko protokoloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu