Istilu handiak EHUren Leioako campusean, IAren manifestazio baten inguruan

Hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak. Manifestariek Errektoretzaren eraikineko kristalezko sarrera hautsi dute indarka, eta barrura sartu dira. Segurtasun zaindariek eta ertzainek egin diete aurre. Zaurituak ere izan dira.

2008ko maiatzaren 20a
18:29
Entzun
Juan Ignacio Perez Iglesias EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore eta osteguneko hauteskundeetarako hautagai bakarrak bere programaren berri eman behar zion gaur klaustroari. Quorum-ik ez dela lortu-eta, bertan behera geratu da, ordea, ekitaldi hori.

Klaustroaren bileraren harira, prentsaurrekoa eta manifestazioa antolatu ditu IA Ikasle Abertzaleak taldeak, urtarrilaren amaierako klaustroaren ondoren izan ziren istiluetan ertzainek identifikarazi zituzten hamar lagunetatik seik epaitegiko deia jaso dutela agertzeko, eta, halaber, Bolognako prozesua salatzeko.

Kafetegian prentsaurrekoa egin ostean, manifestazioan abiatu dira campusean zehar, Bolognako prozesuaren aurkako pankartaren atzetik. Errektoretzara joan dira, Gaztesarean agertu dutenez, beren salaketa eta eskaeren berri jasotzen zuen gutun bat errektoreari "pertsonalki" emateko. Errektoretzako atea itxita aurkitu dute, ordea, eta indarrez sartzen ahalegindu dira.

Horretarako, ate aurreko kristalezko kabina txikitzeari ekin diote manifestarietako batzuk. Leihoetako batzuk ere hautsi dituzte, eta barrura sartu dira. Orduan, borroka handiak lehertu dira manifestarien eta segurtasun zaindarien artean. Lekukoen arabera, mahaiak eta aulkiak airean ibili dira batera eta bestera, kanpotik barrura zein barrutik kanpora.

Istiluen kontrako ertzainak iritsi direnean korrika alde egin dute liskarretan ibili diren manifestariek, baina hiru atxilotu egin dituzte; batek ebakia du buruan. Zauritu gehiago ere badira, eta gutxienez bi erietxeetan artatu behar izan dituzte. Laugarren lagun bat ere atxiki du Ertzaintzak, baina dagoeneko libre utzi dute.

Manifestazioaren antolatzaileek errektoreari egotzi diote gertatutakoaren errua, Errektoretzako ateak itxi dizkielako. "Ekimen mobilizatzaile, parte hartzaile eta baketsua izan nahi zuena, hots, errektoretzara ehunka ikasle sartu eta Iñakori (Perez Iglesias) mezu bat helaraztea, istilu gune bilakatu dute. Honen ondorioz, errektoretzako atea bertan behera erortzeaz gain hainbat ikasle zauritu (2 ospitalizatuak) eta hiru atxilotu izan dira. Gertatutakoaren erantzukizun osoa UPVrena eta bere gidari den Juan Ignacio Perezena da, ez soilik bere zaintzapeko guarden jarrera oldarkorragatik, ez eta, polizia autonomikoaren eskuartze merkeagatik, baizik eta hiru urte luzez ikasleon hitzari muzin egin eta beronen indarrezko isilarazteak ikasleon artean eragindako egonezin eta haserreagatik", diote Gaztesarea-n.

Perez Iglesias errektoreak, berriz, gogor gaitzetsi du gertatutakoa, eta unibertsitateak bihar salaketa jarriko duela iragarri du. Indarkerian oinarritutako jokabide "ez moralak" unibertsitatean onartezinak direla azpimarratu du. Manifestariak jo ditu istiluen eragiletzat, eta haiei erantzuteko modurik onena ostegunean botoa ematea eta parte hartzea handia izatea dela adierazi du. Izan ere, abstentziorako deia egina du IAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.