Istilu larriak izan dira Bilbon, Ertzaintzak D3Mren manifestazioa eragotzi ondoren

Demokrazia 3.000.000 plataformak egindako deialdiari erantzunez, ordu erdiz geldi egon ostean, Bilbo erdiguneko kaleetan manifestatu dira milaka herritar. Ertzaintzak bost lagun atxilotu ditu "desordena" eragin izana leporatuta.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko otsailaren 16a
11:10
Entzun
Baltasar Garzon epaileak debekatu, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak dozenaka ertzain agindua betetzera bidali, eta liskar artean amaitu da Demokrazia 3.000.000 (D3M) plataformak Demokrazia orain lelopean deitua zuen manifestazioa. Bilbo erdigunea kaos bihurtu duen liskar orokortuan.

D3Mk 17:30ean jarria zuen ordua, Bilboko Aita Donostia plazan. Ordu erdi lehenago, ordea, ertzainek erabat hartua zuten ingurua. Hala ere, jende andana bertaratzen ari zen protestan parte hartzeko helburuz. Pilota jaurtigailuak eskuetan zituzten ertzainen alboan geratzen ziren batzuk, goranzko bidea hartzen zuten beste batzuek, eta beheranzkoa gehienek.

Manifestaziorako ordua iristear zegoela, Casilla inguruan bildu ziren manifestari gehienak. Espaloiak eta errepidea lepo bete zituzten milaka herritarrek, eta haietan egon ziren ordu erdiz. Geldirik, baina oihuka.

Pankartarik ezean, D3M hauteskunde plataformaren zerrenda baliogabetuen orriak banatu zituzten manifestarien artean. Horiek eskuetan hartu, eta «Demokrazia Euskal Herriarentzat», «D3M aurrera!», «Independentzia» eta «EAJ espainola» oihukatu zuten, ozen, ordu erdi inguruz.

Bien bitartean, hedabideen aurrean salatzen ari zen demokrazia eza Itziar Aizpurua ezker abertzaleko militante historikoa. Besteak beste, D3Mren Gipuzkoako zerrendaburu Idoia Ibero eta Bizkaiko Itziar Lopategi atzean zituela, alderdi sozialistaren, EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor salatu zuen Aizpuruak. «Hauteskundeetan egon ez gaitezen legez kanporatzen gaituzte, eta orain, protesta ere egin ez dezagun Ertzaintza bidaltzen digute gu atxilotzeko».

Horiei guztiei «demokrazia gabeko egoerari» bide ematea leporatu zien. «Oinarri etikorik» ez izatea. «Guk ez genuke inolaz ere onartuko inori hauteskundeetan egoteko eskubidea ukatzea. EAJ, Ezker Batua edo beste edozein legez kanporatuko balute, ez balie hauteskundeetan aurkezten utziko, guk ere ez genuke parte hartuko oinarri etikoengatik».

Hala ere, erasoak eraso, ezker abertzaleak aurrera egingo duela ziurtatu zuen. «Tinko» jarraituko duela. «Borroka egingo dugu herri honek bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan arte. Eta, lortuko dugu, kosta ahala kosta».

Bide horretan, martxoaren 1eko hauteskundeetan botoa emango dutela adierazi zuen. Demokrazia 3.000.000 bozkatuko dutela. «Horiek izango dira Rubalcabari min handien emango dien botoak. Horiek dira Madrilen eta Ajuria Enean sekula baino kezka handiagoz zenbatuko dituzten botoak». Egungo «ziklo antidemokratikoa» gainditzeko D3Mk milaka boto jasotzea beharrezko dela ohartarazi, eta «milaka», jasoko dituela esan zuen, seguru.

Bat-bateko manifestazioak

Aizpuruak adierazpenak egin eta minutu gutxira, Eusko Gudariak abestuta amaitu zuten elkarretaratzea hara bildutako milaka pertsonak. Baina ez zuten horrela amaitu protesta. Areilza Doktorea kalera abiatu ziren gehienak, bat-bateko manifestazio itxura hartu zuen ekimenean. «Ez gaituzue geldituko!», entzun zitekeen ozen. Independentzia eta demokrazia eske ere, oihu ugari egin zituzten.

Ertzainak ere mugitzen hasi, eta Indautxuko kaleetan zehar sakabanatu ziren manifestariak. Kale askotan sortu ziren bat-bateko manifestazioak aldi berean. Azkar zihoazen. Tentsioa nabari zen. Hortik aurrera, korrikaldiak, bide ixteak eta pilotakadak izan ziren nagusi. Protestari batzuk edukiontziak gurutzatu zituzten Indautxuko kale askotan. Horietako batzuei su eman zieten. Ertzainak, protestarien atzetik ibili ziren. Baina kale batean sartu orduko, beste aldeko kaleetan entzuten ziren independentziaren aldeko oihuak. Bilbo erdiguneko kale askotan errepikatu ziren halako egoerak aldi berean. Casillako geldialdia amaitu eta ordu erdira, Zabalburu plazaren inguruko kaleetan izan ziren liskarrak. Baita Plaza Biribilaren inguruko kale gehienetan. Ondoren, Zazpikaleetaraino iritsi ziren tirabirak. Berri agentzien arabera, burua estalita zuten 30 bat lagunek molotov koktelak jaurti zituzten Batzokiaren kontra.

Bestalde, arratsaldean zehar, Ertzaintzak bost lagun atxilotu zituen Bilboko gune desberdinetan, «desordena» eragitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.