«Istilutan sartzen ez garenez, ez dago txinatarron aurkako jarrerarik»

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2003ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Pedro Li Txinatarren Elkarteko lehendakaria da. Etorkin zaharra, berak ere ondo ezagutu du euskal herritarrek zer eskaintzen dieten atzerritarrei.

Inkestetan esaten dutenez, euskal herritarrak abegikorrak dira kanpotik etorri direnekin. Hala da?

Baietz esango nuke. Nik 25 urte daramatzat Euskal Herrian. Orduan atzerritar gutxi ginen eta eskuzabal hartu gintuzten. O-rain, azken 10 edo 15 urteetan, gero eta atzerritar gehiago dago eta inoiz kontrako jarrerak gertatzen badira ere, orokorrean harrera ona izaten da. Europako hiri askotan izaten dena baino hobea.

Atzerritar guztiak berdin-berdin hartzen ditugu edo zuok, txinatarrok, tratu berezia daukazue?

Txinatarrok ez gara arazo eta istilutan sartzen. Horregatik jende langilearen ospea daukagu eta ez dago gure aurkako jarrerarik. Egia ere bada, dena dela, jatetxeak direla-eta badaukagula itzal eskasa, jendeak uste duelako zikinak-edo garela. Baina orokorrean ez dago arbuiorik.

Jendea beldur ei da uste duelako atzerritarrok kolokan ipintzen duzuela lan merkatua. Egia da hori?

Ez, oso gutxi dira inori lana kendu dioten etorkinak. Gehienek bertokoek egin nahi izaten ez dituzten lanak hartzen dituzte. Nik neuk, esaterako, baditut hainbat jatetxe txinatar eta arazoak izaten ditut langileak aurkitzeko. Zergatik? Beharra gaitza delako, ordu asko eta sakrifikatua. Ostalaritzan edo etxeak garbitzen lana badago, baina bertokoek ez dute hori nahi .

Paperak dira etorkinen amesgaiztoa. Txinatarrontzat ere horrela da?

Nahiko egoera egonkorrean gaude. Kontuan izan herritik alde egiten duenak egoera ekonomikoak hartaratuta datorrela. Txinan 60 edo 90 euro irabazten dituenak, hemen 900 irabaz ditzakeela ikusten badu, etorri egingo da. Edozein aukera erabiliko du etortzeko, baita mafiakoek eskaintzen diotena ere, nahiz eta bidean bizia bera arriskuan jarri. Baina gaur egun Txinan egoera ekonomikoa sano hobetu da, soldatak igo egin dira, eta apur bat gehiago irabazteagatik ez du merezi bizia arriskatzeak. Horregatik gero eta gutxiago dira legez kanpo dauden txinatarrak.

Euskal Herrian hiru hizkuntza dira ofizialak, berton bi. Txinatik etorritakoek badute loturarik euskararekin, edo arazoa da eurentzat?

Guretzat Mendebaldeko edozein hizkuntza da zailtasun eta oztopo. Nik neuk horrenbeste urte Bilbon bizi izanagatik ere, ez dut gaztelaniaz berbarik egiten fundamentuz. Azken bost urteetan etorri diren txinatarrek ez dute oraindik gaztelania ondo menperatzen . Elkartean gaztelania ikastea hobesten dugu, lagungarri zaielako. Euskara oso interesgarria da, jakina, batez ere gaztetxoentzat. Hemen jaio edo ume direla etorri direnek euskara ikasten dute. Batzuk ikastolan dabiltza eta horrek erakusten digu gizarteratzea modu onean egiten ari dela.

Ahaleginik egiten duzue jatorrizko hizkuntzari eta ohiturei eusteko?

Iaz Kultura Txinatarraren Zentroa zabaldu genuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Bertan txinera irakasten diegu gure umeei euren asaba zaharrak nortzuk izan ziren ahaztu ez dezaten. Berton bizi eta bertoko herritarrak izanagatik ezin dugu gure jatorria ahaztu.

Gurean adopzioaren bidez Txinatik ekarritako ume asko dago . Gurasook ba al dute aukerarik ume horiek jatorrizko hizkuntza ikas dezaten?

Guraso asko etorri zaizkigu Elkartera laguntza eske. Eurak ere interesaturik daude umeek txinera ikas dezaten, eta guk, jakina, horretara animatzen ditugu.

Zer da Euskal Herriak txinatarrei eskaini ahal diena, eta zer txinatarrek Euskal Herriari?

Etorkin txinatar gehienok ostalaritzan egiten dugu lan. Gehienak familiako jatetxe txikiak izanik, jateko aparta eskaintzen dute, on eta merke. Etxekoek ordu asko sartzen dituzte eta horri esker eskaintza merkeagoa da. Uste dut hori badela bertoko herritarrei aisialdirako eskaintzen diegun aukera bikaina.

Guk bertokoei pazientzia baino ez diegu eskatzen, garen bezala onartuak izatea, apurka-apurka gu ere euskal herritarrak izan gaitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.