'18/98 auziaren' epaiketa

Istripua izan zutenen presentziarik gabe izan da gaurko saioa

'Egin' egunkari taldeko enpresei dagokien atalarekin jarraitu dute gaur 18/98ko ahozko auzi saioan. Goizean, Isidro Murgak, Maite Mendiburuk eta Pablo Gorostiagak deklaratu dute. Orain-eko administratzaile bakarra izandako Murgak atzo hartutako bidetik jarraitu du, eta azaldu du, 'Egin'-ek akordioa lortu zuela Gizarte Segurantzarekin, zorraren inguruan. Mendiburuk, berriz, bera ez dela inoiz Ardatzako administrazio Kontseiluko kidea izan azaldu du, eta beraz, ez duela ulertu azken zazpi urteetan gertatu zaion ezer. Gorostiagak Ardatzako kide izan zela azaldu du, Murgak eskatuta, baina bileretan-eta ez zuela inoiz parte hartu. Arratsaldeko saioan, Carlos Trenor ari da deklaratzen orain.

2005eko abenduaren 20a
19:59
Entzun
‘18/98 auziko’ auzipetuetatik bederatzik, atzo Boceguillas herrian (Segovia, Espainia) errepide ezbeharra izan zuten bederatziek,urtarrilaren 9 arte ez dute parte hartuko epaiketako auzi saioetan. Izan ere, epaimahaiak atseden hartzeko baimena eman die. Hala ere, epaiketak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko Isidro Murgak, Maite Mendiburuk eta Pablo Gorostiagak deklatatu dute. Orain Carlos Trenor ari da, eta okerrik ez bada, Xabier Alegria izango da deklaratzen hurrena.

Ordu erdiko atzerapenez, 10:30etan abiatu da gaurko auzi saioa. Izan ere, defentsako abokaturen batzuk okertu egin dira Madrilgo sarreraren batean eta berandu iritsi dira.

Auzipetu guztiak goizeko hamarretarako epaiketa aretoan ziren, atzo istripua izan zuten bederatziak salbu. Itxarote denbora gaur urteak betetzen dituen Iker Casanova auzipetu presoa zoriontzeko baliatu dute gainerako auzipetuek: epaimahaia aretoan ez zegoenez, Zorionak zuri kantatu diote.

Finean, Orain-en inguruko atalarekin jarraitu dute aurrera. Atzo istripua izan zutelako urtarrilaren 9 arte baimena duten auzipetuak honakoak dira: Bixente Askasibarrek eta Andoni Diaz Urrutiak enpresen atalean deklaratu zuten, Ekin atalean daude Xabier Balantzategi, Olatz Egiguren, Ana Lizarralde, Txema Matanzas eta Marta Perez, eta Joxemi Zumalabe fundazioarenean Alberto Frias eta Iñaki O'Shea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.