Altsasu Memoria elkarteak eman du isunaren berri. Iazko urrian, Emilio Iguzkizaren hilketaren 80. urteurrenean, omenaldia egin zioten Altsasun (Nafarroa). Elkarteak salatu duenez, Guardia Zibila joan zen omenaldia egin baino ordu erdi lehenago, ekitaldi hori ezin zutela egin ohartaraziz. Udalaren baimena bazutela-eta, ekitaldia egin zuten.
Herritar bat identifikatu zuten egun hartan, eta 300 euroko isun ekonomikoa heldu zaio. "Ez zuten nahikoa izan omenaldiaren egun berean egindako mehatxuekin. Ez zuten nahikoa izan kalez jantzitako poliziekin omenaldia kontrolatzearekin. Ez zuten nahikoa izan omanldian jarritako plaka kentzeko egin izan zituzten saiakerekin", salatu du elkarteak, eta ohartarazi "erasoak eraso, herri memoria lantzen" jarraituko duela.
Ildo horretan, jakinarazi du apirilaren 10ean Emilio Iguzkizaren kasuarekin harremana duen liburu bat aurkeztuko dutela 19:30ean. Liburuak Octubre de 1934 en Euskal Herria izenburua du eta idazleak Juan Ramon Garai, Jesus Gutierrez eta Josu Chueca dira. Haiek izango dira liburuaren aurkezpena egitera etorriko direnak. Gauza askoren artean, 1934ean bai Altsasun zein Olaztin izandako langile borroka ezberdinen inguruan eta ondorioz sufritutako errepresioaz hitz egingo digute.
Iguzkizaren hilketa
Justi Iguzkizak hamalau hilabete zituen aitaren besoetan zegoela Emilio Iguzkiza hil zutenean. 1934ko urrian, Asturiasen grebaren ondorioz langileen kontra abiatutako jazarpena salatzeko, sabotaje ekintza ugari izan ziren. Hainbat lagun atxilotu zituzten, eta atxiloketen kontra, protestak izan ziren Altsasun.
Protesta hartan, Guardia Zibilak atxilo hartu zuen Constantino Salinas diputazioko presidentea, eta Emilio Eguzkiza kexu agertu zitzaien poliziei. Guardia zibil batek tiro egin zion, eta bertan hil zen. Justi semeari aitaren lagunek eman zioten gertatutakoaren berri, nerabe zela, eta hark kontatu dio gertatutakoa Altsasu Memoria elkarteari. Iaz omendu zuten lehen aldiz.