Dronea entzierroaren ibilbidearen inguruetan erabili duen gizonari 650 euroko isuna jarri diote. Estafeta eta Nafarroako Gorteen kaleen artean ikusi ahal izan da aparailua, eta piloturik gabeko hegazkina gidatzen zuen pertsona Ahumada Dukearen kalean zegoen.
Ordenantza berriak zehazten duenez, "debekatuta dago, baimenik gabe, entzierroaren aire espazioaren gainean edozein aparailurekin hegaldatzea". Urraketa larritzat hartzen da.
Mercaderes kalean, berriz, beste gizonezko bati jarri diote isuna. Ibilbidearen barruan argazkiak ateratzen ari zen, entzierroa igarotzen ari zen bitartean. 650 euro ordaindu beharko ditu, hori ere arau-hauste larria baita ordenantzaren arabera.