Isuri beltz etengabea

Ekainean, uztailean eta abuztuan ia 500 tona hondakin bildu dituzte hondartzetan, batez beste 5,78 tona egunero

jakes goikoetxea
2003ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Iazko azaroaren 13an Apostolus Maguras Prestige petroliontziko kapitainak larrialdi deia egin zuen laguntza eske, Fisterrako (Galizia) kostaldetik 25 milia ingurura. Petroliontziak pitzadura bat zuen kroskoan, eta ekaitza baten erdian zegoen. Pitzaduratik ura sartzen ari zen ontzira; pitzaduratik petrolioa ateratzen ari zen urtetara. Bahametako komenientziako bandera zuen ontziak, eta Letonia eta Gibraltar arteko ibilbidea egiten ari zen.

Albistea jakin zenetik gaurdaino Prestige-k biltegietan zenbat fuel zeraman eta orain arte zenbat isuri duen eztabaidatu da. Lituanian abiatu zenetik Galiziako kostaldean hondoratu zen arte, Prestige-k bi kontrol pasatu zituen, biltegietako edukia zehaztuz: urriaren 30ean San Petersburgon, Errusian, eta azaroaren lehen egunetan Venspils-en, Letonian. Petroliontziaren agirietan 77.000 tona fuel ageri dira.

Espainiako Gobernuaren arabera, Prestige> hondoratu eta bederatzi hilabetera 37.500 tona geratzen ziren oraindik petroliontziko biltegietan. Aste honetan, baina, fuel hori guztia ateratzeaz arduratuko den enpresak, Espainiako Repsol-YPFk, datu harrigarri bat eman du: 13.800 tona fuel bakarrik daude biltegietan (13.100 tona brankan eta 700 tona txopan). Alegia, Espainiako Gobernuak uste baino 23.700 tona fuel gehiago isuri ditu Prestige-k: 63.200 tona guztira (ez 39.500 tona, Espainiako Gobernuak hala uste bazuen ere).

Galdera da: isuritako 63.200 tona horietatik zenbat jaso dira jada? Azti Arrantza eta Elikadura Institutu Teknologikoak datu berriak eskaini ditu bere webgunean (www.azti.es>). Aztiren datu bilketaren arabera, Prestige-k isuritako fuelak zikindutako 164.631 tona hondakin bildu dira guztira Galiziatik Bretainiara. Horietatik 2.677 Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan (bildutako guztiaren %2,44).

164.631 tona horien barruan, baina, fuela eta fuelak zikindutako materialak daude, hondakinak: hondarra, ura, egurra, algak... Fuelak zikindutako material oro biltzen baitute. Oso zaila da jakitea tona horietatik guztietatik zenbat diren fuela soilik. Eusko Jaurlaritzako Sail arteko eta Erakunde arteko Batzordearen arabera, uretan bildutako hondakinen %40 inguru eta lurrean bildutako hondakinen %10 inguru dira fuela (azken portzentaia horrek azken bi hilabeteetarako soilik balio du). Portzentaia horiek, ordea, gutxi gorabeherakoak dira, Prestige> hondoratu zenetik aldakorrak. Izan ere, lehen hilabeteetan jasotzen zen hondakinetan fuel portzentaia handiagoa zen.

45.000 tona fuel bildu direla uste du Cedrek

Frantziako Cedre erakundeak itsasoan gertatutako istripuek eragiten duten kutsadura aztertzen du. Eta orain artean bildutako hondakin guztietatik benetan fuela zenbat den ere kalkulatu du: lehorrean eta uretan bildutako 160.000 tona hondakinetatik 45.000 inguru fuela direla uste du. Cedreren kalkuluen arabera, benetan fuela dira lurrean bildutako 110.000 tona hondakinetatik 15.000 inguru eta itsasoan bildutako 50.000 tona hondakinetatik 20.000 tona inguru.

Aztik eskainitako datuetan badago zifra azpimarragarri bat: Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean lurrean bildu den zikindutako hondakin tona bakoitzeko, 7,82 tona bildu dira itsasoan.

Fuela, gainera, gero eta sakabanatuagoa dago. Aztiko iturrien esanetan, gaur egun itsasoan batez beste 30 kilo fuel daude kilometro koadro bakoitzeko, eta oso zaila da helikopteroetatik edo itsasontzietatik ikustea.

Baina fuelak Euskal Herrira iristen jarraitzen du. Ekainaren 1etik abuztuaren 25era Prestige>-ren fuelak zikindutako ia 500 tona hondakin bildu dituzte Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan eta haitzetan: 186 ekainean, 179 uztailean eta 131 abuztuan (25a arte). Alegia, batez beste, 5,78 tona egunero. Aztiren esanetan, martxoaren 24tik ekainaren 20ra bitartean batez beste fuelak zikindutako 5,84 tona hondakin jaso ziren egunero Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan.

Udan, ekainean jaso da fuel gehien hondartzetan, eta ekaineko egun bat izan da udako egunik beltzena: ekainaren 17a. Fuelak zikindutako 22 tonatik gora jaso ziren Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartzetan. Eta isuri beltzak jarraitzen du.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.