Euskararen bilakaera, 1991-2011. Ipar Euskal Herria

Isuria eten ezinda

Euskararen amiltzea ez da geratu Ipar Euskal Herrian, baina gazteenen artean handitzen hasi da elebidunen kopuruaLau elebidunetik hiruk ez dute euskara erabiltzen; %2k soilik erdara baino gehiago

inaki petxarroman
2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Euskararen odolustea ez da oraindik eten Ipar Euskal Herrian. 1996tik 4.000 elebidun gutxiago daude hiru herrialdeetan, eta euskararen ezagutza bost puntu jaitsi da. 1996an, %25,7 ziren elebidunak —%0,5 euskaldun elebakarrak—, eta %21,4 bakarrik dira egun. Orain arte, konparazioa egiteko BERRIAk 1991ko datuak erabili ditu, baina, kasu honetan, ez erabiltzeko gomendatu dute adituek, barnealdean egindako inkestek lagin txikia eta, beraz, fidagarritasun arazoa dutelako.

Ofizialtasunik ezean, euskaltzaleek egindako lan eskergak jarri dio galga hiztunen galera etengabeari. Eta, azken inkestan, lehen aldiz, argi izpi bat agertu da etorkizunera begira: 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean gora egin du euskaraz dakitenen kopuruak. Erabilerari dagokionez, ordea, egoera oso kaxkarra da oraindik ere: bakarrik elebidunen %2,5ek egiten dute gehiago euskaraz frantsesez baino. Lau euskaldunetik hiruk ez dute euskara erabiltzen.

1. Ezagutza

Euskal hiztunen galera ez da eten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Inkesta soziolinguistikoak hiru eremu horiek hartzen ditu aintzat —Baiona-Angelu-Miarritze (BAM), Lapurdi barnealdea eta Nafarroa Beherea-Zuberoa—, eta, portzentualki, hiruretan egin du behera elebidunen kopuruak hamabost urte hauetan. Galerarik handiena, baina, Ipar Euskal Herriko barnealdean gertatu da. Lapurdin, esaterako, %30 ziren elebidunak —%0,8 euskaldun elebakarrak— 1996an, eta %24 dira gaur egun. Nafarroa Beherean eta Zuberoan %61,4 ziren elebidunak —%2,4 euskaldun elebakarrak— duela hamabost urte, eta %52 dira orain. Edonola ere, Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoak aintzat hartzen dituen eremu guztien artean, euskaldunena da oraindik Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatutakoa, Gipuzkoak jadanik esku-eskura badu ere.

Baiona-Angelu-Miarritze da Ipar Euskal Herriko eremurik erdaldunena, baina hark eutsi dio ongien hiztun galerari hamabost urte hauetan. Are eta gehiago, portzentualki elebidunak galdu arren, zenbaki gordinei erreparatuz gero, 2011ko inkestan inoiz baino euskaldun gehiago daude BAM hirigunean.

Hiztunak galtzeko joera —eta hizkuntzaren osasunaren kaskartzea, hein berean— argi azaltzen dute adin ezberdinetan dauden datuek. Esate baterako, 64 urtetik gorako elebidunen artean, %31,5 moldatzen dira hobeto euskaraz erdaraz baino, eta %41,8 bietan berdintsu. 16 eta 24 urte artekoen artean, berriz, %11,9k bakarrik aitortu dute hobeto moldatzen direla euskaraz frantsesez baino.

Bestalde, etxean lehen hizkuntza euskara izan dutenak %30,4 dira 64 urtetik gorakoen artean, eta bakarrik %7,7 gazteenen artean. Garbi azaltzen da, beraz, gazteena dela adin tarterik ahulena euskararentzat. Alabaina, hiztunen galera gazteen artean hasi da gelditzen. 2011n 1996an baino euskaldun gehiago daude 16 eta 24 urtekoen artean: %17,6 dira elebidunak gaur egun, eta bakarrik %11 ziren duela hamabost urte. Besteak beste, Seaskako ikastolek egindako lanak emaitzak izan dituela azaltzen du datu horrek.

2. Erabilera

Euskararen ezagutza maldan behera doa, eta are eta gehiago erabilera. 2011ko inkestaren arabera, Ipar Euskal Herriko elebidunen %2,5ek bakarrik erabiltzen dute euskara frantsesa baino gehiago. 2001ean %5,7k erabiltzen zuten gehiago. Elebidunen %75ek frantsesa bakarrik erabiltzen zuten 2001ean, eta %77k gaur egun. Alegia, euskaraz dakiten lau lagunetik hiruk ez dute erabiltzen. Oro har, etxeko giroan —aitarekin, amarekin, seme-alabekin edo neba-arrebekin— eta lagun artean erabiltzen dute gehien euskara Ipar Euskal Herriko elebidunek; eta gutxien, eremu publikoan: banketxeetan, osasun zerbitzuetan eta erosketetan, esaterako.

3. Transmisioa

Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den euskaldunen galera ulertzeko, datu bat aipatu izan dute hizkuntzalariek sarritan: etxeko edo familia barruko transmisioak huts egiten duela. 2011ko inkestaren arabera, 15.000 lagun inguru erdaldundu dira —partzialki edo osoki— Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 2001eko inkestak datu larriago bat zekarren: hamar urtean 18.000 lagunek galdu zuten euskara ordura arte. Gainera, gaur egun duela hamar urte baino euskaldun berri gehiago daude: 6.774 —duela hamar urte 3.700 ziren—.

Etxean gertatzen ari den hizkuntz galeraren berri eman du 2011ko inkestak ere, nahiz eta aurreko inkestetako joera geldotu dela erakutsi: guraso biak euskaldunak dituztenen kasuan, %13 ez dira euskalduntzen. Gurasoetako bat erdalduna izanez gero, erdiek ez dute etxean euskara ikasten. Horretan Hego Euskal Herriko datuetatik oso urruti daude, esate baterako, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.

4. Jarrerak

Nabaria da euskara sustatzeko politika publikoak eskas direla. Ofizialtasunik ezean, euskaltzaleen eta herritarren ekimenen esku geratu da euskararen aldeko politikak aurrera eramateko ardura. Euskararen aldeko politikak eta erabilera sustatzeko ekimenak hartu behar direla diotenen kopurua gutxitzen ari da, ordea, urtetik urtera. 1996an, %49 ziren horren aldekoak, eta %38,5 gaur egun. Aurkakoak %13,9tik %21era igaro dira. Gehienei berdin zaie: %40. Gobernuaren politika desegokia izan dela uste du hiru herritarretik batek, eta egokia izan dela lautik batek. Desegokitzat jo dutenen artean, gainera, gehiegi egin dela eta gutxiegi egin dela arrazoitzen dutenen kopurua berdintsua da: %30 inguru.

OHARRA: Bihar Nafarroako datuak argitaratuko ditu BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.