Ingurumena

Itoitz babestu zuten 19 auzipetuek 150na euroko isuna ordainduko dute

Desobedentzirik ez zutela egin frogatu ondoren, bi parteek adostasuna lortu dute. Fiskaltzak bederatzina hilabeteko kartzela zigorra eskatua zuen Itoizko etxeetan gotortu zirenentzat. Iruñean, Nafarroako Justizia Auzitegian egin dute epaiketa, gaur.

2007ko uztailaren 24a
15:23
Entzun
Itoitz herria (Nafarroa) eraistera zihoazenean protesta gisa bertako etxeetan gotortu ziren 19 lagunek azkenean ez dute kartzela zigorrik jaso, bi parteek adostasuna lortu eta akusatuek 150na euroko isuna ordaindu beharko dutelako. Fiskaltzak bederatzina hilabeteko kartzela zigorra eskatua zuen aurrez, "desobedentzia larriaren delitua" leporatu, eta bertan behera utzi du eskaera hori gaur.

Gaur goizeko bederatzietan hasi da epaiketa eta gaur eguerdian bukatu, Iruñean, Nafarroako Justizia Auzitegian. 19 lagun haiek ez ezik, bi foruzainek ere hitz egin dute epailearen aurrean, eta akusatuek desobedentzirik ez zutela egin frogatu da, kateatuta zeudelako eta etxeetik jaisteko agindua betetzeko beste batzuen laguntza behar zutelako. Auzipetuek esan dute ez zietela poliziei erresistentziarik egin eta ez zutela Itoitz herria husteko agindu judizialaren berririk.

Espetxe zigorraz gain, erantzukizun zibila eskatua zuen Nafarroako Gobernuak auzipetuentzat. Zehazki, 36.000 eurotik gorako kalte-ordaina, Itoitz husteko operazioan lanean aritu ziren foruzainen soldata eta otorduak ordaintzeko. Eskaera hori ere utzi egin du fiskalak gaur.

Auzipetuen artean, euskal herritarrak ez ezik, Espainiakoak eta Herrialde Katalanetakoak ere badira. Batzuek ez dute euskarazko itzultzailerik izan epaiketan.

Itoitzekin Elkartasuna taldeak elkarretaratzera egin du gaur, goizeko zortzi eta erdietatik aurrera, eta elkarretaratzea epaiketak iraun duen bitartean egin dute.

Duela lau urteko gertakaria

Gaur epaitu dituzten gertakariak 2003ko ekainaren 16an gertatu ziren, Itoitzen. Makinak Itoitz eraistera joan ziren egun hartan, urtegia urez betetzen hasteko asmoarekin. Alabaina, herriko bi etxetan hainbat lagun gotortuta aurkitu zituzten. Etxe batean bunkerra eraikita zeukaten, Poliziaren lana zailtzeko. Bunkerrak hiru geruza zituen: altzairuzko xafla bat, porlanezko oihala eta porlanezko geruza. Bunkerrean gotortu ziren bi lagunak askatzeko lanetan egun osoa pasatu zuten Nafarroako foruzainek eta suhiltzaileek.

Itoizko herritarrak eta haiekin batera herria babestu nahi zuten lagunak indarrez bota zituzten egun hartan foruzainek. Asko etxeetan gorde ziren, eta etxeetatik bota eta gero atxilotu egin zituzten. Hain zuzen ere, haietako 19 auzipetuta geratu ziren, eta haiek dira gaur epaitzen hasi direnak.

Hain zuzen ere, gertaerak izan zirenetik epaiketa egin arte lau urte igaro dira, eta atzerapen hori salatu du epaituen abokatu Juanje Soriak. Izan ere, lau urte itxaron beharrak "ezinegona" eragin diela salatu du abokatuak. Modu horretan, auzipetuei "zigor erantsia" ezarri zaiela salatu du Soriak.

2003ko ekaineko egun haietan babes eta elkartasun keinu ugari jaso zituzten Itoizko herritarrek. Une oro Nafarroako Foruzaingoak eta Guardia Zibilak Itoizko urtegiaren inguruko bazterrak zaindu zituzten, eta ibilgailuei galarazi egin zieten Itoitz herrira sartzea.

Itoitz herria hustea zen urtegia betetzen hasteko egin behar zuten azken urratsa, eta lau urte pasatu eta gero, urtegia 580 metrotik gorako ur mailan dagoelarik, mila lurrikara baino gehiago gertatu dira Itoitz inguruan.

Itoitzen ez ezik, Esan ere gertatu dira luiziak urtegiaren ezkerreko magalean. Bi urtegi horien ondorioz milaka herritarrek bizi duten arriskua salatzeko bi herrien arteko bizikleta martxa egingo dute Itoitzekin Elkartasuna taldeak deituta, abuztuaren 31etik irailaren 2ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.