Ekosistemen dibertsitatearen ikuspuntutik, tokirik onenean eraiki zuten Itoizko urtegia. Edo txarrenean. Ekosistema horiei kalte gehien egiten ahal zien tokian, alegia. Trantsizio eremuan. «Irati oso pirinearra da hasieran; estua; basoaren baldintzek agintzen dute ibaian; gero, ordea, zabaldu egiten da. Pirinioetako indarra duen klimaren eragin eremua amaitu, eta mediterranearra nagusitzen hasten da. Ekologiaren ikuspuntutik, hori da eremurik aberatsena. Eta hor, hain justu, egin zuten urtegia».
Pirinioak ezinbertzean lotzen dira Iratirekin. Puy Ziaurritzek argi du Nafarroako Gobernuak zergatik erabaki zuen urtegia bertan egitea. «Distantzia laburrean, ur emari ikaragarria duelako». Ekologoa da Ziaurritz, eta urtegia eraiki aurretik Iratiri buruz egin zuen ikasketen amaierako tesina. Makro-ornogabeak aztertu zituen, zehazki, uraren kalitatearen berri jaso ahal izateko.
Ondorio garbia atera zuen: «Pareta egin zuten tokitik gora, ibaiaren kalitatea ikaragarri ona zen; makro-ornogabe anitz agertzen zen, eta inon baino gehiago, urtegia egin zuteneko trantsiziogunean». Iratiren goiko aldean bada bertze urtegi bat, Irabiakoa, baina txikia da, eta duela ehun urte egin zuten; haren eraginik ez zuen sumatu Ziaurritzek bere ikerketa egin zuenean.
Itoizko porlanezko pareta egin zutenean ekosistemari egiten zioten kaltea kontuan ez zutela hartu argi du ekologoak. Ez da kasu bakarra, azpimarratu duenez: «Nafarroako azpiegitura guztiak daude, ekosistemei dagokienez, trantsizio eremu batean. Iruñerria bera da trantsizio gune bat, eta porlanez beteta dago».
Agoiztik behera, uraren kalitateak txarrera nabarmen egiten zuela ondorioztatu zuen Ziaurritzek bere ikerketaren bidez. Urtegia egin ondorengo datuak oraindik ez ditu bildu, baina ez du uste azpiegiturak egoera hobetzen lagundu izanen duenik. Alderantziz gertatu izanen dela uste du berak.
Urtegiak Agoiztik behera izan dituen ondorioei buruz hainbat datu jakinarazi ditu jada Iruñeko Gorosti Natur Zientzia Elkarteak. Batetik, elkarteak azpimarratu du urtegiko hormak handik behera garraiatuko den sedimentu kopurua mugatuko duela. Horrek, sedimentu hori erruteko erabiltzen duten espezieei eginen die kalte. Gehiago erran du Puy Ziaurritzek: «Nafarroako gainerako urtegietan bezala, Itoitzen tuparria dago, tuparri buztintsua; iragazgaitza da, baina urarekin txikitzen da erraz. Esaren erdia 50 urtean bete da lohiz; Itoitz zenbat urtean beteko da?», galdetu du.
Bertzetik, tenperatura aipatu dute. «Urtegiak ibaiaren hidrologia aldatzen du; ura hotz ateratzen da urtegitik udan, eta beroa neguan, beheko aldetik ateratzen delako», erran du Ziaurritzek. Tenperaturak makro-ornogabeei eragiten die. Eta haiek uraren kalitateari.
Itoitzek kalte egindako ibaia
Itoizko urtegia egin zutenetik, Irati ibaia ez da lehen zena. Haren bidearen erdian dago; lehen interes handikoa zen trantsizio eremu batean, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu