Itsas istripu batean laguntza ukatzea egotzita, gizonezko bat auzipetuta dago

2009ko abuztuaren 23an gizon bat hil zen bi ontzik elkar jo ostean; homizidioa izan zela dio biktimaren familiak

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
2009ko abuztuak 23 zituen, eta goizaldea zen: 05:10. Gipuzkoako itsasertzean, Zarautz eta Getaria artean, Hondartarri inguruan, bi itsasontzik elkar jo zuten. Oraindik argitzeko dauden motiboen ondorioz izan zen, eta, kolpearen ondorioz, ontzietako bat —txipiroiak arrantzatzen zebilen gizonezko batena— aski egoera txarrean geratu zen: zulo handi bat egin zitzaion, eta aurki ontzia hondoratzen hasi zen. Istripuaren ondorioz, itsasontzi horretan zihoan arrantzalea, 61 urteko gizon bat, uretara erori zen, eta hil egin zen. Ustez kolpea jo zion itsasontziko marinela, berriz, auzipetuta dago. Beste ontziko gizona aski egoera larrian geratu zela ikusi arren hari laguntzarik ez ematea leporatzen diote.

Auzipetuak 78 urte zituen istripua jazo zen garaian. Fiskalak ezbeharraren ondorioz larrialdian zegoen gizonari ez laguntzea leporatzen dio, eta urtebeteko kartzela zigorra eskatu du haren portaera zigortzeko. Izan ere, Fiskaltzaren arabera, hondoratutako gizonak laguntza eskatu zuen, eta inguruan zebiltzan hainbat itsasontzitako marinelak hurbildu zitzaizkion ondora, baina auzipetuak ez zion jaramonik egin. Hildakoaren familiak, berriz, harago egin du: alargunak eta hiru alabek diote laguntzarik ez emateaz gain zuhurtziagabekeriazko homizidioa ere egin zuela auzipetuak, eta, horregatik, lau urteko kartzela zigorra eskatu dute gizona zigortzeko. Konpentsazio zibilak ere galdegin ditu hildako gizonezkoaren familiartekoen abokatuak: 167.000 euro ordaintzeko eskaera egin du.

Itsasontzian, konponketak

Efe albiste agentziak atzo jakinarazi zuen Fiskaltzak kasu honen inguruan idatzi duen txostena. Idatzian, auzipetuak istripuko unean izan zuen jokabidea azaltzeaz gain, erantsi du ezbeharraren ondorengo egunean itsasontzian konponketa lanak egin zituela hark; ontziaren branka eta istriborra margotu zituen. Fiskalaren txostenaren arabera, bezperako gertaerako arrastoak desagerrarazi nahi zituen jokamolde horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.