«Itsasoa ez da garbitzen sasi-egiekin eta borondate hutsarekin»

Aitor Renteria.
2003ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hainbat zurrumurru eta hainbat adituren iritzi kontrajarriak plazaratu dira hedabideetan Prestige hondamendia agitu zenetik. «Gu ez gara zientzialariak, ez gara petrokimikako adituak, surflariak baizik», dio Gilles Asenjo Surfrider Fundazioko Administrazio Kontseiluko Zuzendariak. «Aditu batzuek berrikitan erran dute petrolio pikor horiek ez dutela neholako eraginik osasunean eta jan ere jan daitezkeela. Alabaina, sobera aditua izan gabe zentzuak, edozeini, horrelakorik ez egitea agintzen dio. Zer balio dute, beraz, jakintsu horien adierazpenek? Nik bederen ez diet kasurik eginen».

Informazioaren nahaste-borrastearen zirimolan norberaren ardura hobesten du Asenjok. Surflariek pertsona arruntek baino anitz denbora gehiago ematen dute uretan. «Iragarpen ofizialak irakurtzen ditugu eta kutsadurarik ez dagoela diotenean uretan sartzen gara, baina deusek ez du bermatzen handik ordu erdira petrolio geruza batean murgilduko ez zarenik».

Metodologia ez-zientifikoa baina zentzuzkoa aholkatzen die Asenjok surflariei: itsas hegira joan eta zentzuak erabiltzea, usaimena eta ikusmena. «Argi dago zentzuak, horrelako egoeran, petrolioa usainduz eta urrats bakoitzean zikinduz, urrutirago ez joateko agintzen duela».

Alabaina uhinen deiak azkar erakartzen du surflaria. Uretan sartzerako gorputza babestuta eramatea aholkatzen du Asejok. «Nik bederen babesten dudan lehen gauza begiak dira. Horretarako, lehen neurria xumea da, begiak babestea.» Bainualdia bukatuta ere ez dira bukatu kontuak eta komeriak. Uretarako jantziak ahal bezain arretaz garbitzea gomendatzen du: «Nik olio fin bat erabiltzen dut jantzi guziak ahal bezain ongi garbitzeko».

Olio berezia erabiltzen dute ere bainu jantziaren babesa gainditu eta gorputzean agertzen diren petrolio orbanak garbitzeko. «Aditu batzuek erran dute petrolioak, epidermisaren geruza gaindituz gero, traba handiak eragin ditzakeela osasunean, eta ADN sistema aldatu. Ez naiz aditua eta ez dut zergatik izan behar surflaria izateko, baina neurriak hartzen ditut nire partetik.» Horregatik petrolio aztarna guziak ahal bezain laster eta sakon ezabatzen saiatzen dira surflariak.>

Informazioaren eta errealitatearen arteko amildegian egotearen sentsazioa dauka Asenjok. Alde batetik, jendearen lasaitasuna eragin nahi duten adierazpenak eta, bertzetik, taula gainean daudelarik sentitzen, pairatzen, usaintzen eta ikusten duten errealitatea. «Haitzak petrolioz gainezka daude hainbat lekutan.Uhinek, ustekabean, petrolio geruza baten erdian kokatzen gaituzte eta, aldi berean, lasai egoteko aholkua ematen digute, ez dela arriskutsua. Guk egunero ikusten dugu errealitea eta zerbait egin beharra dago, termometroa joz eta hautsiz ez da lortzen sukarra kentzea. Itsasoa ere ez da sasi-egiekin eta borondatearekin garbitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.