Itsasoko ur-laster batek herrestan eraman ostean, gizon bat hil da Zumaian (Gipuzkoa). Atzo gertatu zen ezbeharra, bazkalostean. Zumaiako Santiago hondartzan zebilen gizonezko eta emakumezko bikote bat. Ur-laster batek itsaso barrura herrestan eraman zituen, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
15:15 aldera, surflari talde batek ikusi zuen bikotea, uretan. Arazoak zituztela ohartuta, itsasora sartu ziren surflariak, eta atera egin zituzten uretatik. Behin uretatik aterata, ordea, bihotza gelditu zitzaion gizonezkoari. Hondartzara joan ziren larrialdi zerbitzuetako langileek gizona berpizteko ekinaldiak egin zituzten, baina ezin izan zuten besterik egin, eta hondartzan hil zen. Azpeitikoa da hildakoa, 52 urte ingurukoa, Ertzaintzak azaldu duenez.
Zurriolan galdua
Donostiako Zurriola hondartzan beste bainuzale bat galdu da. Oporretan etorritako Herbehereetako mutil bat da, 19 urtekoa. Astelehenean, Zurriolan zirela, hiru lagun uretaratu ziren, baina bi bakarrik atera ziren kanpora. Herenegun bertan hasi zituzten bilaketa lanak, baina ez zuten bainuzalea topatu. Itsaso zakarrak ez zuen bilaketan laguntzen. Atzo goizean berriz ekin zioten bilaketari, baina edizio hau ixteko orduan ez zuten aurrerapenik egin.
Itsasoak herrestan eramanda, gizon bat hil da Zumaian
Astelehen arratsaldean 19 urteko gazte bat galdu zen Zurriola hondartzan, eta haren bila ari dira Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu