'Prestige'-ren hondamendiari buruz Eusko Jaurlaritzak urtebetean egin duen jarraipen txostena aurkeztu du gaur Josun Jon Imaz bozeramaileak. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek matera beltzaren aurka egindako lana nabarmendu du Imazek; hain zuzen ere, orotara itsasoan batu den fuelaren %60 Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek bildu dutela azpimarratu du, eta Bizkaiko Golkoan jaso denaren %76.
Hondamendiaren aurkako borrokan, aipatutako bi probintzietako 215 arrantzontzik eta milatik gora arrantzalek jardun dute.
Nolanahi ere, fuela ez da itsasoan bakarrik bildu. Aitzitik, itsasertzean galipot ugari jaso da. Imazek emandako datuen arabera, 2.950 tona fuel kendu dira hondartzetatik eta itsasertzetatik; itsasoan jaso denaren %14. Ildo horretatik, lehorrean jaso den tona bakoitzeko itsasoan 7,2 bildu direla nabarmendu du Jarlaritzako bozeramaileak, "marea beltzen aurkako borroketan, munduan eta inon eta inoiz ez da iritsi halako proportziorik".
4.000-13.000 tona artean oraindik heltzeko
Oraindik Bizkaiko Golkoan dagoen fuel kopuruari dagokionez, datu zehatz eta behin betikorik ez dagoela esan du Imazek, baina adituek lau mila eta hamahiru mila tona artean egon daitezkeela zehaztu du. Ikerketen arabera, horien erdiak Asturias, Kantabria, Bizkaia eta Gipuzkoako itsasertzak joko ditu, eta, beste erdiak, Lapurdikoak eta Frantziakoak.
Bizkaia eta Gipuzkoako itsasertzeetan oraindik zenbait gune oso egoera kaskarrean daudela onartu du Imazek, batik bat, senaietan, haitzetan eta itsaslabarretan. "Batez ere, horrelako hamahiru eremutan, haietara iristea zaila delako.Hamahiru gune horietako bakoitzean mila tona fuel inguru dago". Dena den, "adituen esanei jarraiki", fuel guztia itsasertzera heldu arte ez direla eremu horiek garbitzen hasiko agertu du Jaurlaritzako bozeramaileak, "gero, behin betiko garbitzeko".
55,8 milioi euro
Gaur aurkeztu duten txostenean jasotzen denez, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek eta Donostiako Udalak 55,8 milioi euro gastatu dituzte urriaren 31 bitartean fuelaren aurkako borrokan.
Imazek azaldu du, gastu horiei buruzko datu zehatzak Espainiako administrazioaren esku daudela dagoeneko, eta Javier Arenas Espainiako Gobernuko lehendakariordeak agindu bezala apirila baino lehen diru hori itzultzea espero dutela.
Nolanahi ere, Jaurlaritzak hondamendiaren inguruko ardurak eskatzeko ekinbide judizialekin aurrera segitzen duela agertu du Imazek, eta salaketak jarrita dituztela Houstonen —'Prestige'-nsozietate klasifikatzailearen aurka—, eta Galiziako Corcubion herriko epaitegian.
'Prestige'-n aferaren inguruan Espainiako Gobernuak urte honetan guztian izan duen jokabidea kritikatu du Jaurlaritzako bozeramaileak, batik bat, Madrilek ikerketak galarazi dituela salatu du.
‘Prestige’-ren hondamenditik urtebete
Itsasoan bildutako fuelaren %60 Bizkaia eta Gipuzkoako itsasontziek jaso dute
Duela urtebete ezbeharra gertatu zenetik, Bizkaia eta Gipuzkoako ontziek 'Prestige'-k isuritako 21.070 tona fuel batu dute itsasoan; Josun Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, orotara jaso denaren %60. Bizkaiko Golkoko datuetara mugatuz, proportzioan, are eta handiagoa da Bizkaia eta Gipuzkoako arrantzaleek egindako lana: eremu horretan jaso denaren %76 haiek bildu baitute. Dena den, Bizkaiko Golkoan oraindik lau mila eta hamahiru mila tona fuel artean dagoela uste da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu