Ostegunean Zierbenatik (Bizkaia) milia batzuetara galdutako hiru lagunen arrastorik gabe jarraitzen zuten atzo iluntzean. Goizeko zazpietan hasi zituzten salbamendu taldeek haiek bilatzeko lanak, baina emaitzarik ez zuten lortu.
Zirri ontzia ostegun arratsaldean, 17:30ean, irten zen berdeletara bost lagunekin —tartean 11 urteko ume bat zegoen—, eta gauean, etxera itzultzen ez zirela ikusita, senide batek desagertzearen berri eman zuen. Gurutze Gorria, Ertzaintza eta Guardia Zibila desagertutako lagunen bila hasi ziren, eta haietako bi aurkitu zituzten goizean, onik: 11 urteko umea eta 52 urteko gizon bat. Beste hiruren bila jardun zuten egun osoan, eta baita atzo ere, baina emaitzarik gabe. Ontzia, berriz, ostiralean bertan aurkitu zuten Zierbenatik 10 milia ingurura.
Eskifaiako kideen senideek atzo azaldu zutenez, Zirri ontzia itsasoratu zenean, itsasoa bare zegoen, eta istripua «olatu txiki» batek eragin zuen. Onik atera zuten gizonak azaldu duenez, olatuak irauli egin zuen ontzia, eta bostak uretara erori ziren. Bati ura sartu zitzaion botetan, eta hondoratu egin zen, beste batek buia bati heldu zion, eta hirugarrena laguntza bila joan zen.
Itsasoan galdutako hiru lagunak ez dituzte oraindik aurkitu
Zierbenatik berdeletara irten zen 'Zirri' ontzitik erori ziren hiru pertsonen bila segitzen dute erreskate taldeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu