Eguraldia

Itsasoraino bota du elurra

Zirkulazio arazo handiak eragin ditu elurrak egunaren lehen partean, batez ere N-1 eta AP-15 errepideetan. Itxita egon dira biak, baina ireki dituzte. Gasteizen eta Iruñean ere, herri barruetan izan dira zirkulazio arazoak eta istripu txikiak. Zestoan, tximista batek elizaren kanpandorrea suntsitu du.

Irudi nagusian ikusten da Zestoako elizaren kanpandorrea, osorik. Koadro txikian, tximistak jo ondoren nola gelditu den txikituta. ARGAZKI ORIGINALA: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Berria
2017ko abenduaren 1a
21:07
Entzun

Elurra iritsi da, eta, herrietako kaleez gain, errepideak ere zuritu ditu; portu garaienetan, ondo zuritu ere. Ondorioz, hainbat arazo eragin ditu sasoiko lehen elurteak. N-1 errepideko Etzegarate mendatea itxita egon da goizeko lehen orduetan, eta moztu egin dute A-15 autobidea ere bi noranzkoetan.

Arratsaldean zabaldu dituzte, baina trafikoa motel ibil da, eta arreta eskatu diete errepide horietatik ibili behar dutenei. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak galdegin du ezkerreko lerroa libre uzteko, elur makinen lana errazteko.

Gauean ere jarraitu dute ekaitzek han-hemenka, eta toki batzuetan oso gogor bota du gainera. Zestoan, tximista batek bete-betean jo du herriko elizaren kanpandorrea, eta suntsitu egin du, desegin.

Bestalde, bost kilometroko autoilarak osatu dira Deban (Gipuzkoa), A-8 autobidean, Bilboko noranzkoan. Lurjausi baten ondorioz lerro bat itxita egon goizeko lehen ordutik. Horrez gain, handik ez oso urruti, A-8 errepideko Zumaiako irteeran, errepidea hondoratu egin dela jakinarazi dute suhiltzailleek.

Urretxun (Gipuzkoa), berriz, zuhaitz bat erori, eta GI-631 errepidearen bi lerroak oztopatu ditu.

Segurtasun Sailak arreta berezia eskatu du Arabako lautadan ere, A-1 autobidean, Asparrena inguruan, eta Gasteiz eta Altube mendatearen arteko N-622 errepidean. Elurrak bidea estalti du inguru horietan.

Bizkaian, ez dira horren arazo larriak gertatu, baina errepide batzuetan ur putzu handiak osatu dira, eta horietan ere kontuz gidatzeko eskatu dute.

Cordovillan, Iruñerrian, istripu bat izan dute ibilgailu batzuek, elkarren kontra jota, eta bi pertsona zaurituta eraman dituzte ospitalera.

Larunbatean, elur maila behera

Itsas bazterreraino egin du elurra ostiralean, eta hondartza batzuk zuritu ere egin ditu, Zarautzen adibidez, Gipuzkoan. Donostian bertan ere ikusi dute elurra. Ibiltzeko arazo handienak, ordea, Gasteizen eta Iruñean sortu dira.

Elur mailak behera egingo du datozen orduetan, Euskalmetek jakinarazi duenez. Gipuzkoan, elurra 100-300 metro ingurura jaistea espero da, eta beherago ere egin dezake. Bizkaian, berriz, 300-400 metrotara iritsiko da, eta Araban lurralde osoa zuritzea espero da.

Horra, elurrak gaur utzi dituen irudi batzuk:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.