ESTATUS POLITIKOA

Itun Ekonomikoa errespetatzeko eskatu dute aldaketaren aldeko indarrek Nafarroako Parlamentuan

Adierazpen bat erregistratu dute, Valentziako eta Balear Uharteetako gobernuetako presidenteen hitz batzuk arbuiatuz.

2015eko abenduaren 1a
07:35
Entzun

Espainiar guztien berdintasuna" bermatzeko, Nafarroako Itun Ekonomikoa eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontzertua aldatu egin behar direla adierazi du Ximo Puig Valentziako Gobernuko presidenteak. Bat egin zuen Francisca Armengol Balear Uharteetako Gobernuko presidenteak. Horren aurrean, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak adierazpen bat proposatu dute Nafarroako Parlamentuan, bi gobernuburuei eskatuz "nafarrei dagozkien eskubideak errespetatzeko".

Proposamenean, Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiek gogorarazi dute Nafarroak bere Barne Produktu Gordinaren %1,6 ordaintzen diola Espainiari itunaren bidez, baina hori ez balu, %1,4 ordaindu beharko lukeela.

Bestalde, Espainiako erakundeekin "konfrontazioan" aritzearen aurkako adierazpen bat onartu du Bozeramaileen Batzordeak. Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidenteak proposatu zuen, Nafarroako Parlamentuak, Eusko Legebiltzarrak eta Kataluniako Parlamentuak hala erabakiz gero, hirurek estatuari aurre egiteko "fronte komun bat" osatzea. Asmo horren kontrako adierazpena adostu du Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, PSNren ekimenez; estatuko erakundeei aurre egiteko "edozein ente, organo edo batzordea" sortzeari uko egiten dio adierazpenak. UPN, PSN, PP eta Ezkerrak bozkatu dute adierazpenaren alde, eta EH Bilduk eta Ahal Dugu-k, berriz, kontra. Geroa Bai abstenitu egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.