Iztuetak sareen arteko oreka «pixkanaka» lortzeko asmoa agertu zuen, eta ikastetxeak ez dituztela behartuko argi eta garbi utzi zuen. Irizpide nagusietako bat da diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek «lagungarri» izan behar dutela etorkinak eskolatzeko orduan.Hedabide honek urte amaieran ezagutarazi zuen bezala, Eskolatze Batzordea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari da lanean. Ikasle etorkinak zein zentrotara joan behar duen zehazten dute, eta, sailburuaren arabera, orain arte ikastetxeek errespetatu ohi dituzte batzordeen irizpideak. «Oro har, itunpekoek etorkinak eskolatzeko borondatea dute», esan zuen.Administrazioak diru baliabideak helaraziko dizkie itunpeko ikastetxeei ere, «etorkina eskolatzeak sostengu linguistikoa, curriculumari buruzkoa edo tutorea eskatzen baititu».Sareen arteko desoreka salatu dute azken urteetan makina bat eragilek. Arartekoak, adibidez, askotan esan du itunpeko zentroek orain arte baino etorkin gehiago hartu behar dituztela, gehienak sare publikoko A ereduko eskoletan metatzen ari direlako.Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, aurtengo ikasturtean ikasle etorkin guztien %50 A ereduan daude, %29 B ereduan eta %21 D ereduan.
Horiek horrela, Administrazioak «ghettizazioa» saihesteko politika taxutu du, honoko zutabe hauetan oinarrituta: ikaslea bizi den inguruko eskolara edo ahalik eta hurbilen duenera bidaliko dute; ikastetxean nazionalitate edo familia hizkuntza bereko ikasleak egongo dira, baina «betiere ghetto bihurtu gabe», eta ikaslea bi hizkuntza ofizialak ikastea eta gainontzeko ikasleekin «ahalik eta hobekiena integratzea» bermatzen duen ereduan eskolatuko da.
7,2 milioi euro jarri dituzte
Iztuetak Ikasle Etorkinei Harrera Egin eta Laguntzeko Programa aurkeztu zien hedabideei. «Etorkin» nahiz «etorri berriak» aipatu zituen planaren xede direnak zeintzuk diren esatean; dena den, emandako idatzizko argibidean ez zen Espainiatik Arabara, Bizkaira edo Gipuzkoara heldutakoen berririk.
Sailburuak jakinarazi zuenez, aurten Eusko Jaurlaritzak 7,2 milioi euro jarri ditu ikasle etorkinen aldeko ekimenak finantzatzeko.Halaber, ikasle etorkinen etorrera ezingo dela gelditu azpimarratu zuen Iztuetak. Izan ere, azken ikasturteetan bakoitzean, batez beste, %40ko gehikuntza izan da, baina aurreko ikasturtetik 2003/04ra jauzia are handiagoa izan da (%47).Era berean, ia bost aldiz biderkatu da 1999/2000tik hona ikasle etorkinen presentzia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle kopuru guztiaren aldean.Irakasleriak «beste erronka bat» duela nabarmendu zuen Iztuetak.
-
Ikasle etorkinen hezkuntza premiak
Eusko Jaurlaritzak uste du ikasle etorkinak hiru motatako premiak dituela nagusiki:
Tutorea: Ikasle etorkinek tutore bana izango dute sisteman dauden lehen bi urteetan, integratzeko zailtasunei aurre egiteko. Tutorearen lana hauxe izango da: ikasle etorkinari gelan harrera giro ona sortzen laguntzea, ikaslearen senideekin hartu-eman ugaria izatea, kultura batzuen izaerak errespetaraztea edo udal gizarte zerbitzuekin lotura edukitzea.
Hizkuntza: Bi hizkuntza ofizialak ez badakizkite, ikastetxeak ikasteko bitartekoak eskaini beharko dizkie: lehenik, ikaslea eskolatzen den ereduko funtsezko hizkuntza ikastea bermatuko da, eta, gero, beste hizkuntza ikasten hasi beharko du. Dena den, ereduak ikasleen baldintzen arabera egokituko dira. Programaren xedea da ikasle etorkinek banakako nahiz taldekako errefortzuen bidez euskara zein gaztelania ahoz eta idatziz menperatzea. Euskarari buruzko ikastaro trinkoak eskainiko zaizkie etorkinei.
Curriculuma: Euskal Herriko geografia, historia eta kulturari buruzko eduki zehatzak emango zaizkie, adinaren araberako funtsezko ikasketa instrumentalak eskainiz. Batzuetan, derrigorrezko edukiak gutxituko dira, zikloko oinarrizkoenei lehentasuna emanez; bestela, ikaslearen kulturari buruzko aipuak dituzten jarduera didaktikoak bultzatuko dira.