Joan den ostiralean, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak esan zuen 'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentala ez zuela ETBk eman behar. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, berriz, gaur legebiltzarrean esan du emititu baietz, "baina testuinguruarekin" eman behar zuela. "Testuinguruaren azalpena behar du horrelako lan batek", adierazi du. Nabarmendu du ekoizpen etxe bati dagokiola lanaren ardura, eta EITBk eta Jaurlaritzak ez zutela horren ekoizpenean parte hartu. Halaber, honako hau esan du: "Ezker abertzalearen ikuspegia jasotzeak ez du esan nahi EITBren ildo editorialak horrekin bat egiten duenik". Dokumentala emititu baino bi egun lehenago, EITBk lana iragartzeko lehen oharrean preso politikotzat jo zituen filmeko istorioen protagonistak. "Hori dokumentalaren 'press book'-etik atera zen. Baina gero zuzendu egin zen hori, eta zuzendutako oharrean ez ziren preso politikotzat jo". Iturbek nabarmendu du EITBk bere ildo editorialean konpromisoa duela "terrorismoaren deslegitimizazioarekin".
Kontrol Batzordean, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPDk kritika gogorrak egin dizkiote EITBri. EH Bilduk baino ez du defendatu dokumentala emititu izana. "EITBk errealitate guztiak islatu behar ditu. 450 preso politiko daude; gizartean dagoen gaia da", esan du Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak. Oposizioko talde guztiek salatu dute ETBko albistegiak EAJren eta Jaurlaritzaren alde "lerrokatuta" daudela.
EITBren egoeraren eta ikusle datuen inguruko eztabaidak ere izan dituzte legebiltzarrean. EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxebarriak esan du ETB ondo doala, baina gainontzeko talde politikoetako ordezkariek kontrakoa adierazi dute. Iturbek teknologia aldaketei, baliabide gutxiago izateari eta Espainiako legeek talde pribatuei egindako mesedeei egotzi die euskal irrati-telebista publikoaren egoera.
Iturberen agerraldiaren ostean, legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu du emakumezko kirolak EITBn izan behar duen trataeraren inguruan. EH Bilduk aurkeztu du proposamena, eta PSE-EEk aurkeztutako ekarpenekin, erdibideko zuzenketa bat onartu dute; EAJ eta PP abstenitu egin dira. EH Bilduk eta PSE-EEk adostutakoaren arabera, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio jartzeko arau, helburu eta neurri zehatzak EITBn "benetako berdintasuna" izan dadin. Proposamenaren arabera, legebiltzarrak EITBko zuzendaritzari eskatu dio sei hileko epean garatzeko berariazko plan bat, II. Berdintasun Planaren barruan, albistegietan, kirol saioetan eta kirol emankizunetan emakumeen kirolari «modu progresiboan» lekua egiteko, eta horri tratamendu «egokia, duina eta ez-estereotipatua» emateko.