Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiaren dimisioa eskatzeko mozioa eztabaidatu eta onartu egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean. PSE-EE eta UPDren taldeek aurkeztu dute mozioa, eta horren alde bozkatu du EH Bilduk. Irrati publikoetan 30 lanpostu kenduko lituzkeen erregulazio espedientea aurkezteagatik eskatu dute Iturberen dimisioa. Mozioaren alde 47 boto zenbatu dituzte, kontra 27. Oposizio osoak bozkatu du Iturberen aurka.
PSE-EEk aurkeztu du mozioa, eta Mikel Unzalu eledunak defendatu du legebiltzarrean. Lana erregulatzeko espedientea atzera botatzeko eskatu dio EITBri, eta Jaurlaritzari dei egin dio, lanpostuak gordetzeko ahalegina egin dezan. Mozioak Javier Salcedo EITBko giza baliabideen zuzendariaren dimisioa ere eskatzen duela gogoratu du Unzaluk.
PPko Nerea Llanosek gogoratu du arazoaren jatorria Andoni Ortuzarren zuzendaritzapean eginiko kontratu irregularrak direla eta erregulazio espedientea pairatuko duten EITBko "behin-behineko" langile batzuek hogei urte daramatzatela lanean. "Irratien ondoren zer, telebista izango da hurrengoa?", adierazi du. Edonola ere, EITB osorako azterketa eskatu du, lanpostuak "egokitze" aldera.
PPk ahal balu EITBn "alimaleko erregulazioa" egingo lukeela erantzun dio EAJko Luke Uribe-Etxebarriak Llanosi. EITBko zuzendaritza "txukun dabilela" adierazi du, eta legeak eta aurrekariek eskatzen dutela erregulazio espedientea egitea.
Lan eskaintza publikoa erregulazio espedientearekin "ez nahasteko" eskatu du, eta adierazi du auzitegien erabakiek eragin dutela egoera. Bere garaian lan eskaintza publikoa sindikatuekin adostu zela nabarmendu du Uribe-Etxebarriak, eta orain mozioa aurkeztu duen PSE-EEk ez zuela kontra bozkatu gaineratu du. "Inauteriak datoz, eta batzuk jantzi dute dagoeneko mozorroa", esan du, eta EH Bilduri "kikildu" izana egotzi dio.
Erregulazio espedientearen kontra egon arren, EITB osoa "argaltzeko" eskatu du UPDko Gorka Maneirok. Argitu duenez, EITB "EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren mesedetan" ari delako lanean eskatu du Maite Iturberen dimisioa. ETBko eguraldi mapa salatu du, beste behin ere, Maneirok, "Nafarroa eta Frantziako hegoaldea" hartzen duelako. Horrez gain, ETBko kazetariak jomugan hartu ditu, bereziki eztabaida saioetako aurkezleak. Mikel Zubimendi Debatea saioan aritu izana salatu du berriz.
EITB "inoizko unerik txarrenean" dagoela esan du, ondoren, PPko ordezkariak. Lan eskaintza publikoan euskara maila altua eskatzea salatu du. EITBko hedabideetako kazetarien elebitasuna "desio politiko" bat dela gaineratu du. "ETB abertzaleen telebista da, abertzaleentzat".
PSEko Unzaluk UPDren diskurtsoarekin bat egin du ondoren, eta EITBren informazio ildoaren kontra jo du. Andoni Ortuzarren kudeaketa salatu du, eta Alberto Suriorena zuritu nahi izan du: "Surio saiatu egin zen arazoa konpontzen, baina ez zegoen akordiorik langileekin".
EH Bilduko Urruzunok ETBren ikusle datu txarrak gogora ekarri ditu, eta ez zuela Iturberen alde bozkatu haren izendapenean. EITBren "informazio ildoa eta kontratazio politika bidegabea" salatu ditu. "Arazoa EITB osora hedatua dago, minbizia balitz bezala", esan du. EH Bilduren "marra gorria" lanpostuen murrizketan dagoela adierazi du.
EITBko organigrama "puztuta" dagoela gaineratu du, eta zuzendaritza postuak direla puztutakoak, ez langile postuak. "Beste zuzendari bat jarri beharko da EITBn, baina arazoak hor jarraituko du", gaineratu du, ondorio gisa. Iturberen dimisioa eskatzearen alde bozkatuko duela baieztatu, eta hala gehitu du: "Ez dugu Telemadrid bat nahi, ez dugu beste EAJ-PSE akordio ilunik nahi".