Komunikazioa

Iturbe: "EITBk %30 murriztu du bere dimentsio ekonomikoa"

EITBko zuzendari nagusiak 2015. urtearen balantze "positiboa" egin du. "Hala ere, krisialdiaren testuinguruak baldintzatu du urtea", aitortu du. "Hazkunde eredua alde batera utzi behar izan du EITBk".

Maite Iturbe Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
urtzi urkizu
2016ko urtarrilaren 8a
12:29
Entzun

EITBren 2015. urteko balantzearen txostena aurkeztu dute gaur Donostiako Tabakalera eraikinean taldeko zuzendariek. EITBk "orekari" eutsi diola nabarmendu du Maite Iturbe zuzendari nagusiak: "Finantza orekari eusten diogu, nahiz eta aurreikusi gabeko gastuak gure gain hartu behar izan ditugun". Diru sarrera propioen aurrekontua, aldiz, hobetu egin dutela adierazi du. EITBren 2015eko aurrekontua 127 milioi eurokoa izan da; hortik hamazazpi milioi diru sarrera propioei dagozkie. Eta sarrera propioen %83 publizitate tarteen salmentatik dator. 2015ean aurreko urtean baino %10 handiagoa izan da publizitateari dagokion tartea. Bestalde, gardentasunaren inguruan EITBk "urrats garrantzitsua" egin duela esan du Iturbek.

Edu Barinaga ETBko zuzendariak programazioari dagozkion berrikuntza batzuk iragarri ditu. Astelehen gauetan, esate baterako, Euskal Herriko zinema emango du ETB1ek, Zinez izenburupean —Fermin Etxegoienek emango duten filmaren inguruko aurkezpen laburra egingo du—. Etxegoienek berak Berandu baino lehen elkarrizketa saio berria aurkeztuko du datorren ostegunetik aurrera; aurreneko bi gonbidatuak Onintza Enbeita eta Mikel Pagadizabal izango dira. Elkarrizketak agertoki ezberdinetan egingo dituzte, baina beti estudiotik kanpo. Datorren astean itzuliko da ETB1era, bestalde, Ibon Gaztañazpik gidatzen duen Herri people saioa. Otsailean telesail berri bat estreinatuko du ETB1ek: Eskamak kentzen. Telesail horretako aktore protagonistak Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Itziar Aizpuru, Elena Irureta eta Karmele Larrinaga izango dira.

Hilaren 18an, bestalde, ikastetxeen arteko lehiaketa bat emango du gauero ETB1ek, Gutarrak Jai School izenburupean. Haurrentzako Sorgintxulo saioak hemendik aurrera 3txulo izena hartuko du, eta soilik ETB3 katean emango dute. 

Odile Kruzeta EITBko irratietako zuzendariak iragarri duenez, EITBk Donostia 2016ren jarraipen multimedia egingo du datozen hilabeteetan. "Irratietan, webguneetan eta sare sozialetan Donostian izango den talentuari bisibiltatea ematen saiatuko gara". Hilaren 23an, Donostia 2016ren hasiera ekitaldia zuzenean emango du ETBk. "Gainera, irratietako magazinek zuzeneko emanaldiak egingo dituzte egun horretan hiriaren erdialdetik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.