Komunikazioa

Iturbe: "Kudeaketa zurruna eta zorrotza izango da, baina ez da aldaketa dramatikorik edo itxierarik izango"

Legebiltzarrak EITBko zuzendari nagusi izendatu du Maite Iturbe. Aldeko 43 eta aurkako 22 botorekin onartu dute Maite Iturberen EITBko zuzendari nagusikorako izendapena. EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute; EH Bilduk eta UPDk, aurka; eta PP abstenitu egin da. Euskarazko kanalak indartzea lehentasunen artean sartu du.

Adrian Garcia.
2013ko martxoaren 7a
15:06
Entzun

Maite Iturbe EITBko zuzendari berriak gaur izendatu berritan esan du bere kudeaketa zurruna eta zorrotza izango dela, lehen zeudenak baino baliabide gutxiago izango dituelako, baina ziurtatu du ez dela EITBn aldaketa dramatiko edo itxierarik izango. Murrizketen inguruan, ordea, ez du ezer gehiago esan, ezta izendapenen inguruan ere. Astelehenean bilduko da EITBko administrazio kontseilua, eta ordura arte itxaron nahi du taldea osatzeko.

Legebiltzarreko pasilloetan egin ditu adierazpen horiek. Gaineratu du ohorea dela berarentzat zuzendaritza hartzea, bere etxea bezalakoa dela EITB, eta datozen lau urteetako erronkak euskarazko kateak indartzea, albistegi independente eta profesionalekin jarraitu eta aisialdi modu berriak bilatzea dela.

EAJ eta PSE-EEren babesa

Gaur goizeko osoko bilkuran Eusko Legebiltzarrak Iturberen izendapena onartu du, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Gehiengo absolutua behar zuen izendapenak onartua izan zedin, hau da, 38 legebiltzarkideren botoak. 43 aldeko boto, 22 aurkako, bederatzi abstentzio eta boto zuri batekin onartu dute izendapena.

EAJk eta PSE-EEk astelehenean adostu zuten Iturberen hautagaitza, eta bi alderdien aldeko botoak jaso ditu: 43. EH Bilduk eta UPDk ez dute hautagaitza babestu, eta aurkako botoa eman dute. EITBko zuzendari nagusi berriak datozen lau urteetan aurrera eramango duen proiektua ez dutela ezagutzen argudiatu dute aurka bozkatzeko. Bestetik, PPko legebiltzarkideak abstenitu egin dira.

Jaime Otamendiren proposamenak sozialisten ezezko borobila jasota, Iturberen hautagaitza aurkeztu zuten jeltzaleek. PSE-EEk baiezkoa eman, eta astearteko gobernu bilkuran aurkeztu zuten izendapena. Gaurko legebilzarreko tramitea igarotzea besterik ez zitzaion falta irrati eta telebista publikoko zuzendari nagusia izateko. Mikel Agirrek hautagaitzari uko egin ostean, presa zuen EAJk zuzendari nagusi bat aukeratzeko; izan ere, Alberto Surio oraingo zuzendari nagusiak Urkulluri eskatu zion karguan ez betikotzeko.

1984an hasi zen Iturbe EITBn lanean. Ekoizpen zuzendari eta Donostiako Miramongo egoitzako arduradun da egun.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.