Euskal herria

Iturregi pregoia irakurtzen ari da, Urtasunekin eta Artolarekin

Bertan behera gelditu da eguerdian Bilboko Jai Batzorde mistoak egin behar zuen bilera, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez. Bilboko konpartsek Arriaga plazara joateko deia egin dute, "txupinera eta pregoilaria babesteko". 

2013ko abuztuaren 17a
19:00
Entzun

Bilboko Aste Nagusiko txupinazoa nork botako duen ezaguna da dagoeneko: ez da txupinera jantziko, baina Itziar Urtasun Festen zinegotziak hartuko du bere gain ardura hori. Hala jakinarazi dio Bilboko Udalak EFE berri agentziari. Konpartsek komunikatu bat idatzi berri dute, Arriaga plazara joan eta “txupinazoaz gozatzeko” deia eginez: “Herritarrei dei egiten diegu Arriaga plazara joan eta txupinazoaz gozatzeko, eta modu horretan 2013ko Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria babesteko”. Twitter bidez ere, mezu bera zabaldu dute:

Zapi urdina jartzeko esanez amaitu dute konpartsek komunikatua: “Abestiak esaten duen bezala, jarri zapi urdina, eta etorri gozatzera, beste Marijaia bat badator eta”. 

Udalak eta Konpartsek bilera egin behar zuten gaur 12:00etan, eta Europapress eta Efe agentziek bilera egin dela baieztatu badute ere, Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak Twitterren jakinarazi duenez, bertan behera gelditu da.

Atzo arratsaldean beste bilera bat egin zuen Jai Batzorde mistoak, baina akordiorik gabe amaitu zen. Epailearen erabakia onartzearen alde egin zuen udalak, baina Konpartsek argi zuten 2013ko txupinera ofiziala Jone Artolak izan behar zuela.

Urkijoren nahierara

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Jone Artola txupineraren izendapena bertan behera uzteko eskatu zuenean hasi zen dena. Urkijoren hitzetan, Artolak "legez kanpoko erakundeekin duen loturak" baliogabetu egiten du Bilboko Aste Nagusiko txupinera izateko aukera, eta ondorioz Espainiako Estatuaren abokatuari eskatu zion izendapena atzera botatzeko. Urkijok eskatu, eta Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak bertan behera utzi zuen Artolaren izendapena: behin-behinean lehenik, eta behin betiko gero. 

Bilboko konpartsek une oro defendatu dute Artolaren izendapena: eurentzat, Artola da 2013ko Bilboko Aste Nagusiko txupinera, eta azken egunotan errepikatu dute hark ez beste inork ezin duela txupinazoa jaurti.

Ez da Urkijok egin duen salaketa bakarra. Pablo Gorostiaga Laudioko pregoilari izatearen debekua Urkijoren eskaeraren ondorio izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.