Jardute psikomotorrak umeen heltzeko garapenean duen garrantzia izan da ardatz nagusia UNED-Bergarako Psikomotrizitate Eskolak, Asefop elkartearekin batera, Gasteizen iragan asteburuan egindako jardunaldietan. Inguruneak umeen heltze prozesuan duen eraginari buruz mintzatu zen Jose Angel Rodriguez mediku, psikoanalista eta psikomotrizista, Gaur egungo gorputzen ondoezak hitzaldian.
Aurkeztu duzun txostenean, pertsona izaki jaiotzen dela azaldu duzu, eta inguruarekin elkar eraginez gorputza eratzen duela. Nola eragiten du gaur egungo gizarteak gorputzen eraketan? Aurreko garaiekin alderatuta, aldaketarik ba al dago?
Izakia ez da aldatu, baina bai gorputzak bizitzeko modua. Gorputza garai bakoitzaren irudia da. Freudek aurkitu zuen gorputza gai bat dela, non pertsona bakoitzak bere bizia idazten duen.
Nola eragiten dio horrek pertsona bakoitzari?
Pertsona bakoitzak historia bat du, eta hori haren gorputzean islatzen da. Zirrara sortzen duena ezberdina da pertsona bakoitzarentzat. Horrek zure bizitzari zentzua eman diezaioke, edo gaizki konpondutako egoeren isla izan daiteke. Azken kasu horretan sintomak ager daitezke.
Nola eman daitezke gaizki konpondutako egoera horiek?
Gorputza haziak hartzen dituen orubea da; hazi batzuk erna daitezke, beste batzuk ez, eta azken batzuk desitxuratuta aterako dira. Geldirik egon behar duela etengabe entzuten duen ume batek, azkenean, etengabe mugitzea ez da arraroa. «Hemen nago» esateko modua du hori. Dena den, ez dira arreta deiak, deiak baizik. Zeini edo zeri egindako deiak diren da galdera.
Etorkizunean psikomotrizitatearekin lotutako gaitzak areagotuko direla aipatu duzu hitzaldian, besteak beste. Zergatik? Gaur egungo gizartean ohikoa al da sistematikoki hazi zehatz batzuk ez ernatzea?
Ezinegona sorrarazten dienari buruz hitz egin dezakete batzuek, eta beste batzuengan gorputzak berak azalerazten du. Egun gertatzen ari den unibertso sinbolikoaren gainbehera, hitzaren gainbehera, gorputzean azaleratzen da.
Ume bat hiperaktiboa dela esatea eta, aldi berean, mila lekutara eramatea ez al dira kontrakoak?
Diagnosirako objektu bihurtu da pertsona. Gaur egun haur bat ez da bihurria. Segituan ez dakit zein sindrome duen esaten da. Medikuntza aldetik arazo batek azalpen bat badu, horrekiko inplikazioa galtzen da. Geroz eta nahasmendu gehiago daude, geroz eta bisita gehiago egiten zaizkio terapeutari. Agian, umea entzutea da egin behar den lehen gauza, zer esan nahi duen, nori ari zaion deika.
Asperraldia aldarrikatu duzu.
Bai, baina ez aspertzearen irudi klasikoa, baizik eta nolabaiteko hutsunea jasatea. Itxarote denbora. Geldotasuna. Etengabeko ekintzekin betetzen da eguna gaur egun. Itxarote denbora aldarrikatzen dut umearen nahiari agertzen uzteko.
Zer ekarpen egin diezaioke psikomotrizitateak horri?
Merezi du aipatzea psikomotrizitatea zer ez den. Ez da soin hezkuntza, ezta berreziketa fisiko berezitua ere. Gure ikuspuntutik, ez da birgaitze funtzionala, ezta psikoterapia ere. Haurrak duen hedatzeko leku eta denbora tarte bat da.
Zer gertatzen da tarte horretan?
Gelaren ateak ixtearekin batera, ume batzuk aldatu egiten dira. Psikomotrizitate gelan ez zaie ezer eskatzen. Ezer eskatzen ez zaien heinean, haien desiotik zerbait ateratzen da. Psikomotrizitate gela eta bertan dagoena umearen proiekzio leku bihurtzen dira.
Hitzaldian nabarmendu duzu jolasa komunikazioa dela, hitza eta jolasa txanpon beraren bi aldeak direla.
Gorputza umea adierazten den lekua da; ekintzen bitartez adierazten da, baina adierazten da. Ekintza bakoitza zer den jakiteko hiztegia egitea ez da asmoa. Batzuetan galdetu beharko zaio; beste batzuetan, zerbait seinalatu edota interpretatu, baina umearen interpretazioa da garrantzitsuena. Umeak bere ekintzei ematen die zentzua. Orduan zerbait berretsi edo alda daiteke, eta hor ildo terapeutikoa sartuko litzateke.
Zer garrantzi du psikomotrizistak bide horretan?
Ekintza psikomotorraren funtsa ez dago jolasean, baizik eta jolas horren azpian. Psikomotrizista bat lanean ikustean ematen du jolasten ari dela, baina egiten duena egiten duela, umearentzat zentzua du eta balio bat du. Ildo horretan, psikomotrizitateak eragin hezitzailea du, baina eragin terapeutikoa ere izan dezake.
Zertan eragin dezake psikomotrizitate terapeutiko horrek? Zein erabilera izan dezake?
Jolasaren, gorputzaren eta mugimenduaren bidez, komunikazio kode eta pentsamendu eraginkorrean eragiten du psikomotrizitate hezitzaileak. Laguntza psikomotorra ere badago, baita terapia psikomotorra ere, nortasun eta jokabide nahasmenduetara bideratua dagoena. Horretarako, zenbait profesionalen arteko lanaren aldekoa naiz, elkarrekin betiere.
Jose Angel Rodriguez. Mediku eta psikomotrizista
«Itxarote denbora aldarrikatzen dut umearen nahiari agertzen uzteko»
Ezinegona hitzen bidez jakinarazi, edo gorputzak berak ezinegon hori azalaraz dezakeela azaldu du Rodriguezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu