NAFARROA

Itxarote zerrendetatik kanpo geldituko dira medikuarekin hitzordua galtzen dutenak

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak itxarote zerrendak murrizteko plan berezia aurkeztu du gaur goizean. Iragarri du medikuaren hitzordura ez agertzeko arrazoia justifikatu egin beharko dela. Verak ohartarazi du papergabeentzako osasun murrizketak urriaren 1ean aplikatuko direla. 

Berria.info
2012ko irailaren 10a
15:38
Entzun

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak itxarote zerrendak murrizteko plan berezia aurkeztu du gaur goizean. Neurrien artean, jasotzen da medikuarekin hitzordua aurretik abisatu gabe edo arrazoitu gabe galduz gero itxarote zerrendetatik kanpo gelditzeko aukera. Medikuarekin duten hitzordura ez agertzeko arrazoia justifikatu beharko du eriak; bestela, itxarote zerrendetatik kenduko dute. Oraingoz, gobernuak ez du ezarriko isun ekonomikorik.

Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azaldu duenez, iaz 44.795 lagun (%15) ez ziren agertu espezialistekin zuten hitzordura; beste 3.256 lagunek (%2,2) ez zuten egin diagnostikoa osatzeko proba, eta 11.420 lagunek (%6,9) huts egin zuten erizaindegian zuten hitzorduan.

Guztira, 44.800 lagun ez ziren agertumedikuarekin zuten hitzordura (%15).

Verak nabarmendu du itxarote zerrendak gero eta luzeagoak direla Nafarroan. Osasun kontseilariaren arabera, 34.000 lagun daude medikuak noiz artatuko dituen zain, eta bataz beste, 27 egunez itxaron behar izaten dute eriek. Ebakuntza egiteko esperoan 10.000 pertsona daude Nafarroan, eta 113 egun inguru itxaroten dute. Egungo datu negatiboak aurrean, orain bi urteko datuetara itzuli nahi du Gobernuak, alegia, zerrendak %30 murriztu. 

Funtzionarioen lanaldiak luzatzea eta osasun zentroen ordutegiak "berrantolatzea" ere jasotzen du gaur aurkeztutako planak. 

Papergabeentzako osasun murrizketak, urriaren 1ean

Verak ohartarazi du papergabeentzako osasun murrizketak urriaren 1ean aplikatuko direla Nafarroan. Gobernuak diru laguntza bereziak emango dizkie baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eta adinez nagusi diren etorkin papergabe atzerritarrei. Nafarroan urte bateko errolda, hilean 532,51 euroren diru sarrerak baino txikiagoak eta zigor aurrekaririk ez dutenek diru laguntza jasoko dute Nafarroa barruan osasun arreta jaso ahal izateko. Diru laguntza hori Gizarte Politikarako Departamentutik bideratuko dute, eta urriaren 1ean jarriko dute martxan, Espainiak agindutako murrizketak irailaren 1ean hasi arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.