"Haserre" azaldu dira Itxas Aurre elkarteko eta Igeldoko herri kontseilukon kideak gaur goizean egindako agerraldian. "Prozedura admnistratibo soila dena, interes politikoak tarteko prozedura guztia luzatu eta aldrebestu besterik ez du egiten", adierazi du herri kontseiluko kide Ioritz Galparsorok.
"Igeldo udalerria da. Atzoko epaiak ez du eteten ez prozedura ezta aurrera jarraitzeko herritarren gogoa ere", gaineratu du. Igeldoko udalerri berria gauzatzeko lanetan erakunde publikoei eta ordezkatuta dauden alderdiei elkarrizketaren bidea hartzeko gonbita egin diete.
Juan Landa Itxas Aurreko abokatuak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren desanexioari buruzko dekretua ez du bertan behera utzi atzoko autoak. "Bizirik dirau. Aplikazioan da gelditu dena". EAEko Auzitegi Nagusiaren autoaren erabakia "salbuespentzat" jo du abokatuak. "Autoak ez du esaten prozedura legala den ala ez. Baina presuntzioak apurtu ditu, era gordin batean".
"Desanexioaren aurka ez du argudio juridikorik eman epaileak. Aurreiritzi hutsa da". Are gehiago, Landak salatu du epaileak ez dituela aurkeztutako txostenak irakurri. EAEko Auzitegi Nagusiari helegitea jarriko dio lehenbizi Itxas Aurrek. Eta erantzunaren arabera, Madrilera joko duela iragarri du: Espainiako Auzitegi Gorenera. "Han arrazoia emango digutela espero dugu".
Itxas Aurrek ez ezik, Gipuzkoako Diputazioak ere helegitea jarriko dio EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari. Desanexio prozesuarekin aurrera jarraitzeko aldundiaren esku dauden «bide judizial guztiak» erabiliko dituela esan du aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek. «Zuzen jokatu du foru aldundiak, legearen eta erabakitzeko eskubidearen arabera».