Denis Itxaso EAErako Espainiako Gobernuko ordezkariak bere Twitter kontuan argitaratu duenez, «GALek ez zuen inoiz existitu behar». Hain justu, duela egun batzuk AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralaren dokumentu batzuk desklasifikatu zituzten, eta horietan ageri da Felipe Gonzalez 1982 eta 1996 artean Espainiako Gobernuko presidente izandakoak «mertzenario talde bat eratzea» adostu zuela. Itxasorentzat, GALek «mina» besterik ez zuen eragin, eta «begia begi truk» moldea elikatu. «Izugarrikeria handi bat eta hutsegite handi bat izan zen. Madrilek EAEn duen ordezkariaren iritziz, giza eskubideen defentsa ez da sinesgarria, «osoa eta koherentea ez bada»
Espainiako presidente izan zenak Kongresuan azalpenak eman ditzala eskatu zuen EH Bilduk herenegun. Adriana Lastra PSOEren Kongresuko bozeramaileari dokumentu horiez galdetu zioten kazetariek atzo, eta Gonzalezen jarduna defendatu zuen: «Herrialdea modernizatu zuen presidentea izan zen, PSOEren idazkari nagusia izan da, eta PSOEren erabateko babesa dauka».
Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, ordea, ez du bat egin Lastraren hitzekin. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, PSOEk «nahikoa da» esan beharko lioke Gonzalezi. Anduezak GALen jarduna «gaitzetsi» du, eta «nazkagarria» iruditzen zaiola azpimarratu. Bere alderdian oraindik ere GAL dela-eta erantzukizunak argitzeke baldin badaude, «ordain daitezela» gehitu du. Lastraren hitzak hizpide hartuta, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du «leialtasuna» beste modu batean ulertzen duela, eta Gonzalez, azkenaldian, ez zaiola leial izan «ez alderdiari, ez gobernuari».